Diru sarrerak ondo erabiltzea da Bilduren lehentasuna
Hauteskunde egunerako bi egun falta dira eta giroa pil-pilean zegoen atzo Erdialdean. 13:00etan, egungo sistemarekin haserre dauden herritarrek, jangelako langileek eta Bilduko ordezkariek egin zuten bat Bulebarreko kioskoaren inguruan. Alderdiak jarritako mikrofonoak baliatuta, Maribel Alberdi jangeletako langileen ordezkariak hamalau eguneko greba ondoren, adostasunik lortu ez dutela utzi zuen agerian. Zerbitzua esku pribatuen esku utzi nahi dutela eta Hezkuntza sailak negoziazioa serio hartzeko pausorik eman ez duela uste dute.
Bilduko hautagaiak, Cristina Alquezarrek, berriz, euren lehentasuna diru sarrerak ondo banatu eta erabiltzea dela esan zuen jarraian. Botatako leloen artean, «zero langabezia, lan baldintza duinak eta zero soldata lotsagarri» izan ziren.
Udalaren jomuga etekinak bilatzea ez dela izan behar, eta kanpoko enpresak kontratatzea albo batera utzi nahi dutela argitu zuen. Ekonomia herritarren bizimodua hobetzeko dela, eta ez merkatu gosea asetzeko, bukatu zuen Alquezarrek.