Egungo gizarte eredua aldatu nahi dutenen bilgunea da Bulebarra
Democracia Real Ya mugimenduak eragin duen zurrunbiloak Donostian ere hautsak harrotu ditu. Bertako gazteak ere ez dira salbuespen. Egungo sistema rekin kokoteraino daudela eta politikariek haien beharrak ez dituztela asetzen adierazteko, Bulebarreko kioskoan egin dute hainbat gaztek kanpaldia.
Maiatzaren 15ean Erdialdeko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa izan zen mugimenduaren abiapuntua. Harrez gero, egunero, arratsaldeko 20:00etan, elkartzen ari dira Bulebarrean, bakoitzaren kezkak eta aldarrikapenak ezagutzera emateko, eta horiek lau haizetara zabaltzeko zein pauso emango dituzten erabakitzeko. Ekintzotan parte hartzen ari den Joseanek zehaztu duenez, «ez dago liderrik, denen hitza eta iritzia hartzen dugu aintzat».
19 urteko filosofia ikasleak, gainera, argi utzi du partaide bakoitzak bere identitate politikoa duela eta ez dutela inongo alderdirik ordezkatzen. Zenbait ideatan, aldiz, denak bat datoz: «politikarien jardunarekin ez gaude batere gustura, herritarren interesak baino, enpresen eta banketxeen alde egiten dutelako». Herritarren iritziak ere hutsaren hurrengoa balio duela adierazi du. Sinadura bilketak egiten direnean, erabaki horien inguruko kontsulta ala referendumak zabaldu beharko lirateekeela zehaztu du. Herritarren ordezkarien lehentasun nagusiak osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta lana izan beharko luketela gaineratu du. Joseani, era berean, «lotsagarria» iruditzen zaio, iruzur egin duen politikariek berriz aurkezteko inongo trabarik ez izatea.
300 lagun
Arrazoi horiek sortzen duen egonezinak bultzatuta, 300 lagun baino gehiago elkartu ziren herenegun Bulebarrean. Horietako askok gaua igaro zuten kioskoaren ondoan. Josean goizaldeko 3:30ak arte egon zen protesta ekitaldian eta une horretan 50 bat lagun zeudela azaldu du. Inongo istilurik ez dela sortu azpimarratu du, bestalde. Herritar asko janaria ematera joan edota babesa eskaintzera hurbiltzen dela dio.
Esan bezala, 19 urteko gaztea filosofia ikasten ari da. Ez da Bulebarrean elkartzen den ikasle bakarra, azterketa bezperatan egonik, mobilizazio orduak ikasteko baliatzen dituztelako askok.
«Haiekin egongo nintzateke»
Gazteen desio eta protesta «ulergarria» dela dio Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak. Aldaketa politikoa bilatu behar dela eta Aralarrek gazteen eta emakumeen parte-hartze zuzena bultzatuko duela agindu du.
Bilduko alkategai Juan Karlos Izagirre kanpaina egiten egongo ez balitz, « haiekin egongo nintzateke», esan du. «Arrazoi guztia dute; sisteman honen kontra egitea oso ondo iruditzen zait, gauza asko daudelako aldatzeko», erantsi du. Euskal Herrian, ordea, Bilduren bitartez, sistema horri aurre egiteko modua badagoela aldarrikatu du.
Ezker Batua-Berdeak taldeko koordinatzaileak, Mikel Aranak, alderdiaren eskaera askorekin bat egiten dutela adierazi du; eta igandean bozkatzera joatera animatu ditu, «PP, PSE eta EAJren nahia gailen ez dadin», nabarmendu du Aranak.