Koldo Mitxelena aretoan Bagerak antolatutako Euskararen inguruko hauteskunde eztabaida. (Argazkia: Mikel Goñi).
Hauteskunde kanpaina bukaerara iristen ari da. 15 hautagaitzetako kideek ordu gaur eta bihar besterik ez daukate boto eskean aritzeko. Datozen lau urteetan alkatea zein izango den aukeratzeko eskubidea 147.000 donostiar baino gehiagok edukiko dute igandean. Astelehenean, berriz,
Irutxuloko Hitza-ren aparteko argitalpenean irakurri ahal izango dira 2011ko udal hauteskundeetako emaitzak. Baina, horietara iritsi baino lehen, botoa erabakitzeko hainbat gogoeta egingo dituztenak badaude. Euskara erabakigarri izango dutenentzat lagungarri suerta daitezke datozen lerrook.
Krisiaren eragina eta irtenbidea, etxebizitza edota azpiegiturak izan dira kanpainako gai nagusiak. Hala ere, hautagai nagusiek euskara mintzagai izan dute uneren batean edo bestean; artean, Irutxuloko Hitza-ren elkarrizketetan zein Bagerak joan den astean antolatu zuen hizkuntza politikei buruzko mahai-inguruan.
Hautagai guztiek euskararen aldeko jarrera erakutsi badute ere, alde handia izan da alderdien proposamenen artean. Partido Popularraren alkategaiak argitalpen honi egindako adierazpenetan, euskara eta politika bereizi nahi izan ditu, eta zehar-lerroan garatzeko asmoa azaldu du. Hala ere, aipatu mahai-inguruan alderdi beraren izenean hitz egin zuen Arantxa Azurzak, Udal lanpostu berrietan euskara jakiteko beharraren kontra azaldu zen. Hizlari berak salatu zuenez, “euskaran diru asko inbertitzen da”.
Aurrerapauso eta ardurak
PSE-EE alderdiak, Denis Itxasoren bidez, diagnostiko bateraturako zailtasunak aitortu zuen; bere ustez, aurrerapausoak eman direlako, eta, batzuek euskara utzita izan duten bitartean, besteek
patrimonializatu egin dutelako.
Hala eta guztiz ere, gainontzeko alderdi guztiak bat datoz ezagutza eta erabileraren arteko aldea kezkagarria dela aitortzean. Honen harira, EAJ-ren proposamena hizkuntzari prestigioa ematearen aldekoa izan da, hiriak alkate euskalduna izateko garaia dela nabarmenduz.
H1!-eko Iñaki Galdosek, berriz, udal administrazioari gehiegi begiratzen zaiola adierazi du kanpainan, eta hiztunengan ere jarri du aipatu aldearen inguruko erantzukizuna.
Udal aurrekontu eta egitura
Aralarreko alkategaia, Ainhoa Beola, izan da azken lau urteetan Hizkuntza Normalkuntzako zinegotzia. Beolak Udalak onartu berri duen bosgarren plangintza aurkeztu du beraien proposamenen ardatz gisa. Kanpainan gai honi egindako erreferentzietan, alderdi honek udal aurrekontuaren %2 euskarara bideratzea jarri du mahai gainean.
Kopuru bera ezarri du Bilduk langintza bererako. Hala ere, hainbat proposamen berritzaile ekarri ditu koalizioak. Nabarmena da Igeldo, Zubieta eta Añorga babes gune gisa aurkeztea, UEMA-k –Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak– bere kideentzako proposatzen dituen neurrien antzekoak aplikatu nahi dituzte euskaraz gehien hitz egiten den hiriaren eremu horietan.
Bestalde, Euskararen Udal Patronatuaren desegitea ere proposatu du Bilduk, euskararen inguruko politikak era zuzenagoan udal administrazioan txertatzeko. Honen arabera, alkatetzaren beraren menpe jarriko litzateke zerbitzua, eta sail bakoitzean hizkuntza arduradun bana jarriko litzateke. Proposamen honen aurrean, Aralarrek Patronatuaren irudia hobetsi du, aldaketa politikoetatik babestuago dagoen egituratzat jotzen duelako.
Ia hautagai guztiak ados daude Donostia hiririk euskaldunena dela esatean. Batzuek, ordea, horri gainbalioa eman diote, eta hiriaren etorkizunaren ardatz nagusietakotzat jo dute. Modu horretan mintzatu dira EB-Berdeakeko ordezkariak, Bildukoak eta baita EAJkoak ere.
Oro har, alderdi guztiek, edo ia guztiek, agertu dute euskararen aldeko borondatea, baina argi dago proposamenak ez direla berdinak, eta, ondorioz botoan erabakigarriak izan daitezke.