Saritu guztiek familia argazkia atera dute ekitaldi bukaeran (Argazkia: EHU)
Kirolariak izan dira protagonista nagusiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Ibaetako Campusean, gaur goizean. Izan ere, 2010-2011 ikasturtean kirolean arrakasta izan duten unibertsitateko ikasle gipuzkoarrak saritu dituzte. Ignacio Maria Barriola eraikineko areto nagusian izan da sari banaketa. Bertan, sarituek euren garaikurrak jaso dituzte.
Cristina Uriarte, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektore-ordea izan da ekitaldiaren burua. Berarekin batera, sariak banatzen egon dira honakoak: Iñaki Ugarteburu, Aldundiko kirol zuzendaria; Leire Landa, Kirol Patronatuko zuzendaria; eta Iñaki Almandoz, Kutxako erakunde harremanetako arduraduna. Aurkezpenean, argi geratu da badaudela kirola gogoko duten ikasleak. Banakako kiroletan, 21 kirolari saritu egon baitira eta, taldekakoetan, berriz, 17 talde saritu. Gainera, euren aisialdia ikasketekin ongi uztartzeko gai direla azpimarratu du Uriartek.
Datuei erreparatuz, zehazki, 3.178 kirolarik parte hartu dute campusak antolatutako lehiaketetan. Horietatik 2.574 gizonezkoak izan dira eta 604 emakumezkoak. Guzti horien artean, 2.050 ikasle Neguko Txapelketan lehiatu dira, eta, Udaberriko Txapelketan, berriz, 1.128. Bestetik, unibertsitateak eskainitako 191 kirol ikastaroetan, 1.109 ikaslek parte hartu dute (302 gizonak eta 807 emakumeak). Ingurugiro jardueretan eskainitako 16 ikastaroetan, berriz, 262 ikaslek parte hartu dute.
Hainbat kiroletan nabarmendu dira ikasleak: Xakea, badmintona, frontenisa, padela, esku pilota, tenisa, mahai tenisa, saskibaloia, eskubaloia, futbola, areto futbola…Bide batez, unibertsitateko kirol instalazio berrien aipamena ere egin du Uriartek. «Jarri berri ditugun ping pong-ean jokatzeko mahaiek oso harrera ona izan dute. Ahal dugun bezain azkar, guztien eskura palak eta pilotak jartzeko asmoa dugu».
Errugbia eta saskibaloia
Aipatzekoak izan dira, bereziki, bi talde. Batetik, campuseko gizonezkoen errugbi taldea; Unibertsitate arteko Espainiako Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuelako. Eta, bestetik, emakumezkoen saskibaloi taldea. Espainiako Bigarren Mailan jokatzen du Azu Muruguzak zuzentzen duen taldeak. Aurten, iaz bezalaxe, lan bikaina egin du eta bere multzoko lehena izan ostean, igoera fasean parte hartu du. Fase horretan ez du zortea izan, baina orain beste erronka bat izango du taldeak, eskuartean: Cordoban jokatuko duten Unibertsitate arteko Europako Saskibaloi Txapelketa. Uztailean izango da hori. «Ziur nago urrezko dominarekin itzuliko zaretela», adierazi die errektore-ordeak.
Hori gutxi balitz, taldeko bi jokalari, Espainiako selekziorako hautatuak izan dira. Laura Arroyo (20 urtetik beherakoan) eta Amaia Segues (19 urtetik beherakoan). Lehen taldeak Serbian jokatuko den Europako Txapelketan parte hartuko du, uztailean. Bigarrena, berriz, hilabete berean, Munduko Txapelketan Txilen izango den lehian arituko da