Musikeneko ikasleak, greban
Berrehun sinadura inguru aurkeztu dituzte Rodriguez Susoren dimisioa eskatzeko
Joan den astean zuzendaritza taldeko hamahiru kidek dimisioa aurkeztu zuten. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak ospea berreskuratzeko arduradun nagusien ordezkapena «behar-beharrezkoa» dela adierazi zuten. Carmen Rodriguez Suso koordinatzaile orokorra eta Juan Carlos Perez zuzendari akademikoa ordezkatzea Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak «saihestu ezin dezakeen erantzukizuna» zela azaldu zuten. Orduz geroztik arduradun nagusien dimisioaren aldeko protestek ez dute etenik izan.
Rodriguez Suso joan arte Musikeneko Patronatuak larrialdi bilera deitu, eta Juan Carlos Perez eta kudeatzaile ekonomikoa, Carmelo Labirua-Iturburu ordezkatzea erabaki zuen asteazkenean. Rodriguez Suso, ordea, bere karguan mantentzea erabaki zuen. Eta ikasleek ez dute etsi. Haien ustez, Patronatuak ez du ikasle eta irakasleen eskakizuna kontuan hartu; hain zuzen ere, Rodriguez Suso ordezkatzea. Ikasleak grebari ekin diote, eskoletara ez direla joango adierazi dute, eta koordinatzaile orokorrak dimisioa aurkeztu arte horrela jarraituko dutela. Atzo Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza ordezkaritzan protesta egin zuten. Rodriguez Susoren dimisioa eskatzeko berrehun sinadura aurkeztu zituzten. Andia kaletik Prim kalera joan ziren ikasleak, PSOEren egoitzara. ‘Musikene salbatu, Suso kanpora’ bezalako leloak eta txistuak entzun ziren.