Donostiarrak alkate eta zinegotzi berriak aukeratzera joan dira gaur hauteslekuetara. (Argazkia: Mikel Goñi).
Milaka donostiar igaro dira hauteslekuetatik eta, halako egunetan ohikoa den moduan, nahasteek, irudi bitxiek eta pasarteek ez dute hutsik egin; ez baita eguneroko lana bozkatzera joatearena.
Gainontzeko udalerrietan bezalaxe, donostiarrek ere boto eskubidea erabiltzeko aukera izan dute gaur. Halako egunek beti uzten dituzte pasarte eta irudi bitxiak, eta, gaurkoa, ez da salbuespena izan. 147.000 lagun baino gehiagok zuten hautestontzietara gerturatzeko deia, hiriko 35 hauteslekutan eta, ez da arazo larririk egon. Bien bitartean, Bulebarrean, «benetako demokrazia» eskatzen duen protestak, jarraipena izan du. Bat baino gehiago izan dira gaua kioskoan edota inguruan igaro dutenak. Gertaera horrek ondotik igaro diren herritarren arreta deitu du.
Amara Berri ikastetxearen Morlanseko eraikina, lehen aldiz izan da hautesleku. Horrek, tirabira batzuk sortu ditu. Emakume batek, esaterako, hara joateko deia jaso zuen, baina bertara iristean, Usandizagara bidali dute bozkatzera. Hain justu, herritar batzuk Usandizaga atariraino euren txakurrekin joateko hautua egin dute. Txakurrek, ordea, kaleko aulkiei lotuta itxaron behar izan zuten, jabeek bozkatzen zuten bitartean.
Etxerat elkartearen deiarekin bat eginez, Donostian asko izan dira elkartasuna adieraztea erabaki dutenak. Hala,
Euskal Presoak Euskal Herrira zioen pegatina soinean zutela joan dira bozkatzera. Botoari dagokionean, berriz, lehen aldiz, norberak bere gutun-azala beirazko kutxan sartzeko aukera du, baina gutxik egin dute hautu hori.
Alkategaiek ez dute huts egin
Alkategai goiztiarrena Aralarreko Ainhoa Beola izan da. Goizeko bederatzietan eman du botoa, Amara Berri ikastetxearen Urbieta kaleko eraikinean. Bere mahaiean bozkatzen bigarrena izan da eta botoa eman duen momentuan, ezker besoa altxa du harrotasunez. Orain arteko alkateak ere, goiz hartu du hauteslekurako bidea. Lehen aldiz, Groseko Zuhaizti Biteri ikastetxean bozkatu du PSOEko Odon Elorzak. Ez da puntualtasuna betetzen duen horietakoa izaten, baina, gaur, prentsari esandako orduan iritsi da, 9:30ean. Bozkatu ondoren, komunikabideentzat adierazpenak egin ditu, eskola kanpoan. Horretan ari zela, parkeko jolas batean babestuta lotan ari zen herritar bat ikusi du. «Hau ere Donostiaren beste errealitate bat da», adierazi du orduan Elorzak.
Ezker Batuko Kintxo Gomezek Intxaurrondo ikastolan eman du botoa. Han zegoela, herritar bat hurbildu zaio eta zera galdetu dio: «Barkatu, nola egin behar da bozkatzeko?». Gomezek adeitsu erantzun dio, bi gutun-azal hartu eta bakoitzaren koloreari dagokion boto txartel bana sartu behar zuela. Teoria ongi zekien arren, praktikan ia huts egin du Gomezek. Hala, hauteskunde mahaiko presidenteak arreta deitu dio. Nahastuta, gutun-azal txuria, sepia kolorekoei zegokien kutxan sartzera zihoalako.
EAJko Eneko Goia ere Donostian ibili da, baina ezin izan du bertan bozkatu, Aian erroldatua baitago. Botoa eman ostean hurbildu da Morlansera, bertan bozkatu baitu Miren Azkaratek, zerrendako bigarrenak. Azkaratek, gainera, pixka batean itxaron behar izan du ilaran. Bere aurrekoak arazoak izan baititu botoa emateko. Hortik gertu eman du botoa PPko Ramon Gomezek, Usandizaga institutuan. Aterki txuri-urdin batek babestuta egin du hauteslekurako bidea. Etxetik prest ekarri ditu bere gutun-azalak eta botoa eman ostean, mahaikide guztiak banan-banan agurtu ditu.
Hamaikabateko Iñaki Galdosek, berriz, Antiguan eman du botoa, 11:00ak inguruan. Hortik ordubetera, Bilduko Juan Karlos Izagirreren txanda izan da. Irribarretsu iritsi da Igeldoko hauteslekura eta hainbat herritar agurtu ditu iristean. Honek ere, mahaikideei eskua eman die, joan aurretik.