Bilduk Elorzaren nagusitasuna desegin du
Lehia uste baino gogorragoa izan da bozkalekuetan. PSE-EEk (19.701) aurreko urteetan lortutako nagusitasunari eutsiko ziola ematen bazuen ere, Bilduren (21.376) boto paperak hiriko hautesontziak bete ditu. Gehiengoa ezustean erdietsi dute eta Odon Elorzaren nagusitasuna desegiteko gai izan dira. Odon Elorzaren eskarmentuak donostiar askoren botoa erakarri duen arren, 2007ko emaitzekin alderatuz, lau zinegotzi eta zortzi mila boto inguru galdu ditu PSE-EEk. Zazpi zinegotziren ordezkaritza lortu dute, denera. Lehenengoz osatutako ezker abertzalearen, Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren koalizioak, berriz, zortzi.
PPk (16.436) eta EAJk (15.581) aldaketaren aldeko deia egin dute hauteskunde kanpainan zehar. Nahiz eta jeltzaleak sozialisten parera ez heldu, hiru mila boto gehiago jaso eta zinegotzi bat irabazi dute, duela lau urtekoarekin alderatuta. Popularrek 2007koari eutsi diote.
Bilduren nagusitasunak, halaber, Aralar (3.744), Ezker Batua (2.288), Hamaikabat (1.429) edota UPyDren (1.293) ahalegina ezerezean utzi du. Ainhoa Beolak ezingo du Udal Gobernuko kide bezala egindako lana errepikatu, eta Hizkuntz Normalkuntzako , Berdintasun eta Lankidetza sailen ordezkaritzan jarraitu. Ezker Batuak eta Hamaikabatek ere beren ekarpentxoa egiteko aukera izango zituztela espero zuten; nahikoa indarrik, aldiz, ez dute batu.
Urduritasunari eusteko asteburu latza izan da alderdi politikoetako hautagaientzat. Hautestontzietatik aterako zen emaitzaren zain egoteak sortzen duen ohiko egonezinari, Realak Lehen Mailan geratzeko eragin zuen sufrimendua gaineratu zioten futbol jarraitzaileek. Infernura ez erortzen laguntzeko, Anoetako zelaiak gainezka egin zuen. Bozkalekuetan, aitzitik, ez zen ilara luzerik sortu. %59,64koa izan zen parte-hartzea, duela lau urtekoa baino zertxobait altuagoa.
Ekainaren 11
Alderdi politikorik ez du, baina, bakarrik aurrea hartzeko gehiengorik lortu. Horrenbestez, mahai gainean jartzen diren proposamenak aurrera ateratzeko, elkarren artean ados jarri beharko dute. Akordiorako heltzeko gai izan diren ikusteko lehenengo adierazleetako bat alkatea izendatzeko ekainaren 11n antolatuko den udalbatzarra izango da.
Goizean goiz egingo den bilkura izango da, udaletxeko areto horretan hainbat ezkontzak izango dute leku egun horretan. Bata eta bestea norekin ezkontzen den ikusi beharko da, gehiengo absolutuz aukeratutako alkateak gidatuko duelako hiria 2015a bitartean. Gehiengorik ezean, talderik bozkatueneko alkategaiak izango da aukeratutakoa.
Hauteskunde kanpainan Patxi Lopez lehendakariak esandakoak gogora ekarriz, PSE-EEk Bildurekin itunik sinatuko ez zuela esan zuen. Elorzak, halere, Bildu koalizioko Alternatibarekin osatu du azken lau urteetan Udal Gobernua eta agintaldi oparoa izan dela aitortu du behin baino gehiagotan. Bilduk lortu duen zinegotzi kopuruak erabakitzeko ahalmen handiagoa ematen dio koalizioari.
Hiriko aginte makilaren jabe egiten denak etxebizitza beharraren zama arindu beharko du eta krisi ekonomikoak zabaldutako zulotik ateratzeko bitartekoak jarri beharko ditu herritarren eskura. Elorzak, hain justu, etxebizitza arloan egin zuen hordagoa. PSE-EEko alkategaiaren hitzetan, Auditz Akularreko eta Txomin Eneako etxebizitza egitasmoak ez badira datorren urtean abian jartzen, alkatetza utziko luke Elorzak. Bilduko zerrendaburuaren, Juan Karlos Izagirreren arabera, baina, etxebizitzako arazoari konpontzeko ez dute uste Donostia gehiago hazi behar duenik.