Zer eskatuko zenioke alkateari?
Kiroldegi eta osasun etxe berriak eraikitzea, jai herrikoiak bermatzea, Udaleko agintari nagusia euskalduna izatea, parte hartzea sustatzea, etxebizitza eta lan arazoekin amaitzea… hiria hobetzeko proposamenak ez zaizkie falta herritarrei.
Amaia Oiarbide, Loiola: «Loiolan parking publiko bat beharrezkoa da, aparkatzeko arazo handiak baitaude. Bestetik, udaltzainen presentzia handiagoa eskatuko nuke, ez baitira auzotik azaltzen. Hiri erdialdean Kafe Antzokia bezalako lokal bat egotea ere nahiko nuke; Antigua urruti geratzen da».
Igor Alonso, Loiola: «Donostia elitistarekin bukatu behar da, auzoetako bizitza eta jai herrikoiak berreskuratzeko. Etxebizitza eskubidea ere arazo larria da. Loiolarako, plaza dezente bat eskatuko nuke, aterpearekin eta apaintzeko baino gehiago balio duen eszenatokiarekin. Osasun etxea berritzea ere eta beste mila gauza».
Mikel San Juan, Martutene: «Nire ustez Martutenen beharrezkoena kiroldegi bat egitea da, igerileku eta guzti, gertuen daukagun kiroldegia Egiakoa baita. Bestetik, haurrentzako zabu gehiago behar dira; dauden gutxiak beteak egoten baitira eta sekulako ilarak daude. Osasun etxea izatea ere oso ongi egongo litzateke».
Aritz Aldanondo, Buenavista: «Herritarren arazoei erantzutea da lehentasuna. Bi urte dira Parte Zaharreko aparkalekuko piboteak hondatu zirela. TAOa eta Sagueseko pasealekua, ez al dira dirua xahutzeko bideak? Loiolako Erriberan autobus geltokia jartzeko proiektuak ordaindu ostean, Renfeko tren geltoki parean jarriko dute!».
Ane Anabitarte, Altza: «Altzarako, Roteta ingurua eraberritzeko eskatuko nioke: lorategiak, haur parkea, eserlekuak… hirirako, berriz, lan-talde bat sortzeko eskatuko nioke; denda, ostalaritza eta zerbitzuen jarduerarako plan estrategikoak lantzeko. Gainontzeko elkarteekin, nolako zerbitzua eskaini nahi duten erabakitzeko».
Iñigo Arozena, Parte Zaharra: «Ez daukat kexa gehiegirik, gustura nago. Hala ere, nire auzoko behar nagusia, kiroldegi bat edo gutxienez kantxa estaliren bat dela esango nuke. Badakit zaila dela, toki gutxi dagoelako, baina oso ongi egongo litzateke. Hori bai, igerileku eta guzti bada, askoz ere hobeto, behin eskatzen jarrita».
Dorleta Mikeo, Egia: «Alkate ateratzen denari zer eskatuko niokeen oso argi daukat: Porrontxoen izaera herrikoia errespetatzeko eskatuko nioke, eta jaiak aurrera ateratzeko trabarik eta baldintzarik ez jartzeko; jai giroan, normaltasunez ospatzeko aukera izan dezagun».
Ixone Martinez de Ilarduia, Martutene: «Herritar guztion alkatea izatea nahiko nuke, erdigunean bizi direnena eta urrutiko auzoetan bizi direnena. Bestetik, herritarrek antolatzen dituzten ekitaldiei laguntza bermatzea eta, batez ere, herritarren iritzia kontuan hartzea erabakiak hartzerako garaian».
Henry Brown, Antigua: «Gurutze eta Lugaritz inguruak konpontzeko. Duela hiru urte, auzoan argazkiak atera eta txosten bat osatu nuen konpontzeko zegoen guztiarekin. Odon Elorzari helarazio nion eta ez dut erantzunik jaso. Nazkatua nago 2016ko hautagaitzarekin eta hauteskunde kanpainekin!».
Aitor Puldain, Aiete: «Alkateak euskalduna izan behar du. Gazteen kezka nagusiak bultzatu behar ditu; etxebizitza eta lana. Hiri herrikoiagoa egin behar du, ez turismora egokitutakoa. Morlans eta Etxadi arteko igogailua ere eskatuko nioke, erdigunearekin hobeto komunikatua egoteko».
Marijo Dorronsoro, Loiolako Erribera: «Autobus geltokia eta aireportu apropos bana. Turistetatik baitatoz sarrera garrantzitsuenak, eta egun duguna baino gehiago merezi dute. Tabakalerako proposamenak ere mantendu eta sustatu behar dira; eta Chillida-leku berriro irekitzeko irtenbideak behar ditugu».
Angel Larman, Amara: «Asteburuetan ez ezik, astean zehar ere herritarren ordutegiekin bat datozen kontzertu eta kultur jarduera gehiago antolatu beharko lirateke. Gero, Musika Hamabostaldian eta halakoetan, autobus publiko zerbitzua egon beharko litzateke, nahiko goiz amaitzen dira eta».