Bihar zabalduko dute Behobia-Donostiako izen emate epea
Behobia-Donostiako arduradunek jakinarazi dutenez, bihar zabalduko dute lasterketaren 47. ediziorako izen ematea. Iaz bezala, bi fasetan banatuko dute izen ematea. Lehen fasea, bihartik ekainaren 5era arte luzatuko da eta ohiko partaideei soilik zuzendua egongo da. Hau da, azken bost urteetan gutxienez hiru txandatan parte hartu dutenak. Ekainaren 7an, berriz, izen emate orokorra irekiko dute eta dortsalak bukatu bitartean manteduko dute. Guztira, 23.000 dortsal egongo dira eskuragai eta izen emate guztiak Behobia-Donostiaren webgune ofizialean egin beharko dira.
Lasterketa azaroaren 13an jokatuko dute eta, aurten, Fortuna Kirol Elkartearen mendeurrena ospatzen ari direnez, ezustekoren bat prestatzen ari direla aitortu dute antolakuntzakoek.