'Buba’ dantza ikuskizuna aurkeztu du Kresalak
Gernikan estreinatuko dute, igandean; 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzako obra prestatu dute
Ikustearen, entzutearen eta sentitzearen plazer hutsa bilatzen duen haur ikuskizuna da Buba. 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzako dantzatuko du Kresala taldeak dantzalan berrian. «Dramaturgia korapilotsuetatik aldendu, eta gaztetxoengana modu oso naturalean hurbildu nahi izan dugu ikuskizun goxo honekin», adierazi du Faustino Aranzabal zuzendariak. Igandean Gernikako Lizeo Antzokian taularatuko dute lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Dantza Garaikidearen VII. Zirkuituaren egitarauan.
Irudizko herri sinboloetatik abiatu da Kresala lanari izena ematen dion Buba izeneko pertsonaia sortzeko: «Animalia plural eta poliedrikoa sortu dugu. Bi gazteen laguntzarekin haurraren emozioetara iritsiko diren ekintzak ikusiko ditugu». Urteko lau urtaroetan zehar egindako bidaian murgilduko dira ikusleak. Maitatzea, haserretzea, musu ematea, esnatzea, lokartzea… Lehen aldiak sortzen duen harridura plazaratuko dute dantzariek hainbat egoeratan. Antzerki fisikoak beraz indarra izango du lan berrian.
Zortzi dantzarirentzat eta hiru musikarirentzat egindako obra da. Beñat Ralla, Oskar Estanga eta Haritz Ezeiza musikariak izango dira eszenatokian. Aurreko ikuskizunetan, zenbait koreografientzako musika konposatu izan dute. Oraingoan, ordea, lan guztiaren musika egin dute. Alboka, txistua, trikitixa, dultzaina edo perkusioa joko dute. Ikusleei euskal dantzen soinu eta erritmoak gogora ekarriko dizkietela azaldu dute; Zuberoako maskaradak, habanerak, arin arinak edota fandangoena, besteren artean. Dantzan, Mikel Oiarzabal, Eneritz Ardanaz, Iratxe Benedited, Harkaitz Ardanaz, Ainhoa Zuazu, Lur Aranzadi, Maider Arriola eta Haizea Isasa ariko dira.
Buba ikuskizunarekin batera Dantza patrikan bilduma sortu du Kresalak. Dantza plazaratzeko eta zabaltzeko gune eta formatu berriak bilatzen ari da: «Dantza ludoteka, liburutegi edota erakustaretoetara eramatea proposatuko dugu bilduma honetan». Aranzabalen ustez, «gure egitasmoak aniztasunean eta ikusle eta agertoki berrien sorreran du abiapuntua. Buba esperientzia berri baten lehen proposamena izan da. Lehen harria jarri dugu, eta espero dugu bide honek jarraipena izatea».
Iragan abenduan egin zuen Sehaska ikuskizunaren azken emanaldia. 2006an estreinatu zutenetik Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat eszenatokitan izan da. Igandean, Gernikan, ekingo diote Buba ikuskizunaren birari, eta emanaldi gehiago lotzeko zain daude.