EAJk, PSEk eta PPk gobernu egonkor bat osatzeko ardura dutela dio Usandizagak
Udaletxeko korridoreetatik ez zen atzo beste egunetako alaitasunik. Garaileen nahiz galtzaileen artean zinegotzirik topatzea zaila zen. Bulegoetan ez zegoen ez Bilduko ordezkaririk ezta Hamaikabateko hautagairik ere, atzo goizean.
Eguerdia gaindituta, Ricardo Burutaran, Bilduko kidea, udaletxe ingurutik zebilen. Emaitzekin pozarren zegoen. «Ideologi desberdinen artean hautatzeko aukera izan dute herritarrek eta halaxe egin dute», zioen. Elorzaren garaia bukatu dela aldarrikatu zuen Bilduk eta herritarrek berretsi egin dutela azaldu zuen Burutaranek. Elorzak bere hitza betetzeko eskaera egin zuen, halaber. «PSE-EE zerrendarik bozkatuena ez balitz, Elorzak alkate izateko hautagaitza ez zuela aurkeztuko agindu zuen».
«Errudun»
Udaletxe barruan gutxi ziren batera eta bestera zebiltzan zinegotziak. PSE-EEko zinegotzi Alberto Rodriguez eta Marisol Garmendia, horien artean. Minduta zegoen Rodriguez hauteskunde emaitzarekin. Zerrendetan ez parte hartzeagatik «errundun» sentitzen zela azaldu zuen. «Dagokidan errua nire gain hartzen dut». Ekainaren 11 arte lanean jarraituko duela eta Donostiak Odon Elorza behar duela alkate adierazi zuen. Era horretan, garrantzitsuena nola amaitzen den dela azpimarratu zuen Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak.
Inemen egon zen
PSE-EEko kideentzat bakarrik ez, ordezkaritzarik lortu ez duten alderdientzat hauteskunde gau mingarria izan zen. Ainhoa Beola Aralarreko kideak, ordea, Bilduri ongi etorria egin eta kanpainan agindutako guztia bete dezaten, beharrezko urratsak emateko eskatu zien. Atzo bertan, Inemen egon zen Beola, «beste hainbat herritar bezala lan bila».
Lau urteotako lana, dena den, oparoa izan dela zehaztu zuen. «Geldirik zeuden proiektua abian jarri ditugu eta beste hainbat proiektutan eragiteko sekulako lana egin dugu» .
Ituna
PPko Maria Jose Usandizagarentzat ere ezustekoa izan da Bilduren bultzada, «ez nuen uste horrenbestekoa izango zenik», zioen. EAJk, PSEk eta PPk gobernu egonkor bat osatzeko ardura dutela eta alderdietako buruek ados jartzeko ahalegin berezia egin beharko dutela gehitu zuen.


