Irakaskuntza Eskolako mugak gainditu eta testuinguru berrietara zabaltzeko, hezkuntzari buruzko gogoeta egiten ari dira bertako kideak
Erakusketa antolatu duen Elkarrikertuz taldeko Estitxu Jimenez de Aberasturi eta Joxemi Correa.
Irakasle eskolako Elkarrikertuz taldeak prestautako
TRANSformamos-Bilakatuz erakusketa ikusgai dago ostirala arte Lugaritz kultur etxean. Estitxu Jimenez de Aberasturi irakasleak (Antigua, 1971) koordinatuta, hezkuntza birpentsatzeko kontakizun bisual eta artistikoa eskaintzea du helburu.
Zein da Elkarrikertuz-en xedea?
Irakasle eskolako hainbat irakaslek osatzen dugu. Hezkuntzan teknologia berriek eta berrikuntzak duten erabilera aztertzen duen Berrilan ikerketa taldetik dator. Teknologiek fisikoki apurtu ezin ditugun hormak puskatzeko aukera ematen digute. Foroak, giza sareak… eratu eta hezkuntzan berrikuntza sortzeko gogoeta kritikoa erabili nahi dugu. Gelan, eskolan eta gizartean bertan ere hezkuntzaren inguruan gertatzen ari dena hausnartu eta ikertu. Era berean, irakasgai guztiak elkartzen saiatzen gara, hezkuntzari zentzua ematen. Prestatzeaz gain, irakasletza ikasleak bere izaerari buruz pentsatu duen irakaslea izan dadila, erreflexiboa eta kritikoa.
Hausnarketa hori erakusketa batean islatzea erabaki zenuten.
Hizkuntza artistikoak gauzak modu subjektiboan kontatzeko aukera ematen du. Artelan bat ikustean ideia bat eraikitzen duzu; ez da ez ona, ez txarra; zure ideia da. Bestalde, kanpora irtetean, hezkuntzarako beste testuinguru batzuk erabiltzen hasten gara, eta hori, gutxitan gertatzen da unibertsitatean. Ezin da dena hemen bertan egin. Helburua, mugak apurtu, kanpora atera eta jendearekin harremana izatea da.
Zergatik jarri diozue Bilakatuz izena?
Gauzak aldatu nahi ditugu, eta saiatu gara horretan; baina gure eredua agian ez da onena, ezta zurea ere… Denon artean sortzen eta bilakatzen dugu adostasuna. Gure barruan dugun ideia aldatuz gero, hezkuntza transforma dezakegu. Aldatzen gara, baita bidaia horretan sartuta nola sentitzen garen ere. Saiakera horretan, lan mota anitzak egiten ditugu hainbat testuingurutan. Apurtu egiten dugu gure burua berriro formatzeko edo bide horretan jarraitzeko, baina beste zerbaitetan bilakatuz.
Zein da lanen oinarria?
Bakoitzak ideia hau hausnartu du: teknologia daukagu, berritu eta beste modu batera hezi nahi dugu, gauzak aldatu… Ikasgelan sartzean bakoitzak bere moduan irakasten du, bere estiloa du. Ikerketa eta teknologia oinarri gisa eta berrikuntzaren ideia ardatz hartuta, koordinatu, eta zabaltzen joan gara. Ikasle eta irakasleek iazko eta aurtengo ikasturtean egindako lanak dira. Egin ditugun ekimenen nahiz elkartrukeen laburpen bideoak eta muralak daude.
Gogoeta kontuan hartuta, zein da egungo hezkuntza ereduaren alternatiba?
Testuinguru, modu eta ekintza berriak, bereziki, hain testualak ez direnak. Nahitaez gure buru, eredu eta testuinguruari buruz hausnarketa egin behar dugu. Gaitasunekin lan egingo dugu, ez edukiekin; eta teknologiak nahiz arteak aukerak ematen dizkigute.
Nola gauzatu daiteke aldaketa?
Bide batzuk daude hezkuntzan, idatziak nahiz kulturaren bidez jasoak, aldatzea oso zaila dena. Gizarteak oraindik pentsatzen du gogorrak izan behar garela: zenbat eta etxekolan, matematika, hizkuntza eta ordu gehiago hobe. Eta ezetz konturatzen zara. Behin eta berriro sormena landu behar dugula, beste testuinguru batzuetan hezi behar garela, bestelako gaitasunak behar ditugula. Aldatzeko zure burua begiratu, zure eredua eta zu zalantzan jarri behar dituzu. Beste modu batean nola egingo zenukeen galdetu behar diozu zure buruari, horretan sinesten ez baduzu, aldaketa posiblerik ez baitago.
Irakasleriak izen ona galdu al du?
Kultura aldatzean gertatu da. Lehen, irakaslea goian zegoen, ia jainkoa bezala zen; orain, aldiz, erori eta parean jarri da. Hori gizarteak ospe galeratzat hartu du. Izen ona berreskuratu behar dugu. Maila berean jartzea irakaslearen indarra da, ibilbidea ikaslearekin egin eta lagundu behar diozulako.
Eredu berria parekatzearekin nahasi da, beraz?
Hemengo ikasleengan baino, gizartean ikusten dut. Beraiek badakite non dauden eta zer nahi duten, argi daukate bidaia horretan bakoitzaren rola zein den. Denborarekin erakutsi beharko diogu gizarteari lan honetan denok, errespetuz, sartu beharko dugula. Ezin zaio balioa eta indar ra kendu irakasleari. Bide berri bat eraikitzen ari gara. Lagundu egiten diogu haurrari, denok ikasten dugu, baina ez gara haurra edo ikaslea. Berdinak gara, baina ez gara berdinak. Rolak hor daude, baina bidaia hori elkarrekin egitea ezinbestekoa da.
Erakusketari lotutako ekimenak ere egin dituzue…
Erakusteaz gain, zerbait eskaini nahi dugu, bestela itxita gelditzen baikara. Eskola gizarteari irekitzeko asmoz, Larramendi eta Jakintzako haurrei irakasle batek nola ikasten duen erakutsi genien, musika eta plastika irakasleek prestatutako ariketen bidez. Ostiralean
Merkatruke ezagutza trukea egingo dugu, dakiguna trukatu eta jakintza gehiago sortuko dugu. Prestakuntza eta trukea da, irakasleoi ideia berriak ematen baitizkigu.
Ikuslearen aldetik zer lortu nahiko zenuke?
Gogoeta nahikoa litzateke. Antiguako gurasoek edo bestelakoek erakusketa ikusi, eta ‘Hau egiten ari dira?’, ‘Hau egin daiteke?’, ‘Nire garaian ez zen horrela egiten’ edo “Kontxo zerbaitetan lanean ari dira” esatea. Beraien burua zalantzan jarri eta begiak ireki ditzatela, beste eredu eta egiteko moduak daudela ikustea.