Izagirre: "Herritarren benetako beharrei erantzuten hasiko gara"
Betondo iluna nabari zen udaletxera hurbildu ziren zinegotzien artean. Bilduko ordezkaririk ez zegoen euren bulegoetan eta Odon Elorza alkatea 13:00ak aldera joan zen udaletxera, zerrendako beste hautagaiekin elkartzeko asmoz. Adierazpenik egin nahi izan ez zuen arren, Ser irratiko mikrofoen aurrean bere gogoeta egin zuen. Alkate eserlekua bereganatzeko hautagai bozkatuena den Juan Karlos Izagirre ere Ijentea kaletik urrun ibili bazen ere, Ser eta EITB komunikabidetan egin zuen analisia.
Udaletxean oraindik eserlekurik bete ez duen arren, lanean lehenbailehen hasteko gogoa duela adierazi zuen Izagirrek. «Herritarren benetako beharrei erantzuten hasiko gara hemendik aurrera», esan zuen. Hautestontziak «ilusioz beteriko botoekin» pilatu, eta ardura handiko egunak direla aitortu zuen. Hala, elkarrizketak zabaltzeko garaia heldu dela zioen zortzi zinegotzi eskuratu dituen Bildu koalizioko zerrendaburuak. Hauteslekuetan esandakoa kudeatu behar dutela eta ateak denentzat dituztela zabalik adierazi zuen, «nahiz eta batzuk gurekin hitz egiteko prest ez daudela erantzun», zioen Izagirrek. EAJk, PPk eta PSE-EEk bat egingo ote duten erantzuteko, era berean, «goizegi» dela erantsi zuen.
«Aldaketaren unea iritsi da». Argi du Bilduko hautagaiak. Politika egiteko beste modu bat nagusituko dela nabarmendu zuen. Eztaibaida eta proiektu estrategikoen berri eman eta proposamenak jasotzeko bitartekoak zabalduko dituztela jakinarazi zuen. Hala, Donostia 2016 hautagaitza, Auditz Akular edota Monpaseko pasabidearen proiektuak ezerezean geratuko ote diren galdetuta, zertan inbertitu behar den ondo pentsatu behar dela eta eztabaida zabaltzea beharrezkoa dela zehaztu zuen Juan Karlos Izagirrek.
Gobernua osatzeko zaila
Hain zuzen, Odon Elorzak azken hogei urteetan mahai gainean jarri dituen proiektu eta egitasmoak aurrera ateratzeko, Bildurekin izango lituzkeen zailtasunak azpimarratu zituen PSE-EEko zerrendaburuak. Koalizioarekin elkarlanean proiektuak ateratzeko izango lituzketen trabak irudikatzeko, Donostia 2016 edota Monpaseko pasabidea aipatu zituen: «Bildu ez dago 2016ren alde egiteko prest, eta alokairuaren aldeko planak edota Monpaseko pasabidearen egitasmoa kolokan egongo lirateke». Azken batean, Bilduk ez dituela proiektu estrategikoak babesten, eta gainontzeko erakundeekin hartu-emanetan izango lituzkeen zailtasunak iragarri zituen. «Muturreko programa» duela eta gobernagarritasuna ez duela bermatzen adierazi zuen Odon Elorzak. Egungo hiri ereduarekin Bilduk ez duela bat egiten, eta Donostiarentzat «atzerapena» litzatekeela ohartarazi zuen.
Era berean, oraindik gogoetarako unea dela zioen. EAJ , PP eta PSE-EEren arteko ituna egia bihur daitekeen, ez zuen ezer aurreratu nahi izan.