Publikoa kantari
Umorerako eta istorioetarako tartea izan zuen asteleheneko Lagunekin Kantari ekimeneko saioak; baina, batez ere, kantuak eta bertara bildutakoen eztarrietatik irtendako soinuak izan ziren protagonista. Gartxot kantariaren itxurari gailendu zitzaizkion bere ahotsaren kalitatea eta musika gaitasuna.
IZBEk –Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea– eta Larrotxene kultur etxeak antolatu ohi dute Lagunekin kantari ekimena, eta publikoak zein gonbidatutako abeslariek batera kantatzean dauka berezitasunik handiena. Taula gainean Gartxot eta Itziar Zamora aritu ziren asteleheneko saioan, batera zein bakarka.
Larrotxeneko ekitaldi aretoa beteta zegoen 20:00etan. Aurkezpenaren ondoren, Gartxotek ekin zion kantatzeari. Errenterian sortutako abeslariak Iparragirre gogorarazi zion bati baino gehiagori. Laboa zein beste egileren doinuak, herri kantak eta berak sortutako abestiak bateratu zituen; bakoitzari beharrezko kantaera eta euskalkia egokitu zizkiola. Barreak sortu zituen «
batueraz idatzitakoa» ere bazuela esan, eta oiloarenak egiten hasi zenean.
Bizkaieraren aleak ere izan ziren emanaldian, oraingo honetan Donostia Kantuz-eko kide Itziar Zamoraren eskutik. Bere ahots indartsu eta goxoak berak sorturiko kantu sortari eman zion forma. Emanaldiaren parte hartzerako tartean, publikoaren eta taula gainekoen ahotsek bat egin zuten, guztira ia bi orduko saioa osatu zutela. Eta horietan guztietan musika izan zen nagusi.
Kantu jira eta afaria, ostiralean
Aurtengo Lagunekin kantari ekimena ostiralean bukatuko da. Larrotxenetik irtengo den kantu jira, 20:00etan, izango da azkenaurreko ekitaldia. Azkena, berriz, Artzak Ortzeok elkartean egingo duten afaria izango da. Asteleheneko saioan esan zutenez, bihar, asteazkena, izango da horretarako txartelak erosteko azkeneko eguna.