Ekimenak antolatu eta haien berri emateko karpa jarri dute Bulebarreko kioskoan (Argazkia: Xabier Etxabe)
Hauteskunde eguna igaro bada ere, Bulebarreko kioskoan beren egonezina azaltzen ari diren herritar haserretuek protestan segitzen dute. Aurreko astean sortu zen kanpaldia egunetik egunera egituratuagoa dagoela jakinarazi dute. Rubenek egunkari honi kontatu dionaren arabera, partaideek euren artean kohesio ideologikorik ez dute, baina antolaketarako adostasuna lortzeko gai izan dira. Egunero aktiboki 200-300 lagun ari direla esan du; denera, aldiz, bost mila lagunek bainok gehiagok parte hartu dutela esan du.
Denen arteko gogoeta bideratzeko, hain zuzen, lan taldeak eratu dituzte. Horietan jasotako ideiak eta mahai gainean jarritako erabakiak egunero 20:00etan egiten duten batzarrean plazaratzen dituzte.
Orain arte gogoeta eta ideia zaparrada izan dela azaldu du Rubenek. Pixkanaka, ordea, «nora goazen, zer lortu nahi dugun eta zer egin behar dugun» argitzen ari direla dio. Erabakirik zabalena eta indarrik handiena izan dezan, denen parte-hartzea beharrezkoa izango dela nabarmendu du. Hortaz, batzar eta lan-taldeek egiten dituzten bileratara hurbitzeko deia egin die herritarrei 20 urteko gazteak.
Rubenek lana eta ikasketak uztartzen ditu eta etxetik kanpo bizi da. Egungo politika nola kudeatzen den eta gizartea nola antolatuta dagoen ez du gustuko eta alda daitekeela zalantzarik ez du. Horretarako ari da lanean. Musika ikasketetan murgilduta dago eta «kultura pribatizatuta» dagoela dio; eta «publikoa izan beharko luke». Bulebarreko kioskoan dauden haserretuen artean arazo zerrenda luzea osatu dute; guztien iturria, halere, berbera dela iritzi dio Rubenek: indarrean den sistema kapitalista.
Bulebarreko kioskotik, beraz, egungo egoera aldatzeko proiektu politiko eta soziala aterako dela argitu du. Ateratako ondorioak, gainera, alkateari aurkeztuko dizkiotela adierazi du.
Orain arte eman diren pausoak ikusita, ekimen honek jarraitzeko asmoa duela eta era batean edo bestean aurrera egingo duela zalantzarik ez du Rubenek.
Bizilagunen laguntza
Gazteak, era berean, bizilagunek eta inguruko ostalariek egunotan eskainitako laguntza txalotu du. «Sekulakoa» izan dela adierazi du, eta laguntza hori gabe aurrera egitea «ezinezkoa» izango zela aitortu du.
Karpa, sukalderako tresnak edota kartelak egiteko beharrezkoa den materiala eman dietela esan du. Beste zenbaitek beren etxeetako ateak zabaldu dizkietela kontatu du, dutxatzera joan daitezen.