Bankinterreko langileek Baribai kaleko egoitzaren aurrean egin dute protesta (Argazkia: Xabier Etxabe)
Bankinter banketxeko langileen artean ez da giro. Urtea hasi denetik 86 langile kaleratu dituzte Espainian. Manu Davila CCOO sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, lan taldea %10 murriztu nahiko lukete. Gipuzkoan 90 langile inguru ditu banketxeak eta lana uzteko eskaintza egitera 6-8 langilerengana jo dutela esan du. «Diru kopuru bat eskaintzen dizute, gustagarri izanez gero, banketxetik joan zaitezen». Azken batean, langileen artean beldurra zabaltzen ari direla gaineratu du, eskaintza horri ezetz esaten diotenek kale gorrian bukatuko dutela uste baitute.
Egoera honen aurrean, langileak kalera atera eta Garibai kaleko egoitzaren aurrean protesta egin dute. Bitarte horretan, banketxea itxi egin dutela esan du CCOOko ordezkariak, «langile eta bezeroek gure protestaren berri izan ez dezaten».
Lan taldea txikitzeko arrazoietako bat aurreikusitako mozkinetara ez heltzea izan daiteke. Urteko lehen hiruhilekoan, baina, 47 milioi euroko irabaziak izan zituztela nabarmendu du Davilak. «Galerarik ez du izan, mozkin mamitsuak baizik», dio.
Gehiegizkoa iruditzen zaio, langileek ere soldata hobeak nahiko lituzketelako. «Garai oparoagoak zirenean, ordea, mozkinak ez dituzte langileen artean zabaldu», erantsi du. Langileak kaleratzeko, hortaz, beharrik ez dagoela zehaztu du. Iaz, ordea, 60 langile kaleratu zituzten. «Honek ez du etenik», adierazi du.
Irtenbideren bat bilatze aldera, ondorio larririk izan ez dezaketen kaleratzeak hitzartzen ahalegintzen ari direla azaldu du CCOO sindikatuko kideak. Erretiro aurreratuak eta beste zenbait neurriren alde egiten ari dira, ondorio mingarrienak ekiditeko.