Bizilagunak gustura daude Ur Zaleak pasabidean egin den berrikuntzarekin (Argazkia: Xabier Etxabe)
Monpaseko pasabidearen, Auditz Akularren eta bestelako proiektu handien itzalean, auzo eta kale bazterrek itxurarik distiratsuena izatea da Bide Publikoak sailaren ardura. Udaletxeko buruhausteak alde batera utziko dituen Ana Rivilla zinegotziak lau urteotan Altzan edo Bidebietan egindako eraldaketa gogoratu du. Burututako egitasmoen artean, Ondarretako oinezko eta autoen tunelen itxuraldaketa jo ditu kuttunenen artean. Ez du ahaztu, bada, Egiako Ur Zaleak pasabidean bukatzear den eraberritzea.
Otsailaren amaieran ekin zioten Ur Zaleak elkarteko eremua berritzeari. Lehenik eta behin estolderia berritu zuten eta ondoren, eskailera eta aldapa txukundu zituzten. Iruresoroko plazan eguzkitan zeuden edadeko emakumeek gogoratzen zutenez, oso egoera kaxkarrean zegoen, «behin baino gehiagotan bukatu dugu lurrean». Orain zailagoa izango da, aldapa arindu, espaloia berritu eta ez erortzeko barandak jarri dituztelako. Gauez estropezu ez egiteko, era berean, farola modernoak jarri dituzte. Aparkaleku eta autoen joan-etorria ordenatzeko ere marrak margotu dituzte berriz.
Txukuntze lanak, dena den, ez dira oraindik amaitu. Ana Rivilla zinegotziak aurreratu duenez, Egia kaletik Ur Zaleakeko pasabidera doan eremuan baldosak jartzea falta da. Jarri diren barandak ere aldatu behar direla gaineratu du.
Itxura bestelakoa duela eta bizilagunak pozik daudela adierazi du Rivillak. Eguzkitan diren emakumeekin batera, bertako fruitu-saltzaileak ere begi onez ikusi du kaleak izan duen aldaketa. Bezeroak dendan sartzeko erosoago dutela nabarmendu du. Hala ere, denda parean autoa uzten dutenek bertatik ateratzea orain zailagoa dutela esan du.