Martin Lasarte Zubietan emandako prentsaurrekoan (Argazkia: Estitxu Zabala)
Atzo arratsaldean ofiziala egin zuen Realak; Martin Lasartek ez zuela klubean jarraituko, alegia. Zubietan prentsaurrekoa eman du uruguaitarrak, agur moduan, gaur eguerdian. “Ez da guztiz egoera erosoa eta gustukoa”, adierazi du. Argi utzi du bera talde txuri-urdinean jarraitzeko gogoz zegoela, baina duela lauzpabost aste konturatu zela giroa aldatzen hasi zela. Hala, atzo klubeko arduradunekin izandako bileran, behin erabakia jakinda, ez zuela azalpenik jaso nahi izan esan du. “Ni naizen bezelakoa naiz”. Edonola ere, ez duela inorenganako gorrotorik gordetzen onartu du eta aurrerago itzultzeko eskaintza jasoko balu, itzuliko litzatekeela ere aipatu du: “Donostia bizitzeko leku zoragarria da”.
Prentsaurrekotik ateratzerakoan, hainbat zale kanpoan zituen zain entrenatzaileak eta bere aldeko oihuak bota dituzte. Beti ere eskerrak emanez agurtu da Lasarte.