Lauaizeta ikastolak ‘Iprentsa’ argitalpen digitala martxa jarri du. Bertan, ikasleek egindako idatzi, bideo nahiz irratsaioak bilduko dituzte.
Informazioa eta komunikazioaren teknologiak, Internet eta abarrekoak alegia, izango omen dira etorkizuneko lanabes nagusiak. Egun ere, gero eta leku gehiagotan barneratzen doaz, eta hezkuntza ez da salbuespena. Ondotxo dakite hori Lauaizeta ikastolan. Irailetik aurrera Eskola 2.0 ekimenean parte hartuko dute, eta, horrek ekarriko duen aldaketa baliatuta, argitalpen digital bat abian jarri dute.
Iprentsa du izena, eta Lauaizetako ikasleen lanak biltzen ditu, nagusiki. Hilabetekaria izateko asmoz sortu dute, baina hurrengo zenbakia ez dute abendua arte kaleratuko, eta hasieran, behintzat, hiru hilabetekaria izango da. Atzotik 0 zenbakiak leku garrantzitsua hartu du ikastetxearen webgune berrian: erdi-erdian jarri dute. Kokaleku aparta eman diotenak Ramon Iriondo eta Matti Navas dira. Izan ere, bi irakasleak eskola agerkariaren arduradunak ere baitira. Ikasleen digitalizatutako ekoizpena gero eta handiagoa zela ohartuta, hori kanpora ateratzeko bidea pentsatzen hasi ziren. “Aspalditik buruan genuen asmoa zen, eta datorren ikasturtean Eskola 2.0 etorriko denez, tresna indartsua eskaini nahi genion”, azaldu du Iriondok.
Gazteengandik gertu
Argi zuten, paperean egindakoaren kopia baino, berariaz Interneterako egindakoa izan behar zuela, teknologia berriak medio. Ikasturte hasieran buruan zutena lankideei azaltzea zaila egin zitzaien.Horrenbestez, ekaina aurretik eredutzat erabiliko zuten 0 zenbakia prestatzea erabaki zuten. Horretarako, prentsa batzordea eratu zuten. Bertan, agerkariaren arduradunez gain, mintegi bakoitzeko irakasle batek eta ikasturte bakoitzeko bi ikaslek edukiak eta atalak definitu zituzten.
Zientzia esperimentua erakusten duen bideoa,
lip-duba, elkarrizketak,
podcastak… lehen zenbakiak gainontzekoek jarraitu beharreko bidea zehaztu du. Ikasleen lanak dira nagusi. Berritzailea den arren, badu betiko eskola argitalpenak gogora dakartzan atala ere: Iritzia. Bertan, gutunak, elkarrizketa eta erreportaje idatziak bilduko baitituzte.
Alor ludikoa eta pedagogiko-didaktikoa orekatzen saiatu dira, gaztetxoen istorioetara hurbildu nahian. Navasen hitzetan, “gure publikoa 12 eta 16 urte artekoa da, ezin dugu Einsteinen bizitza jarri. Gauza batzuek lotura gehiago dute hezkuntzarekin, baina erakargarriak zaizkienak jartzen dituzu, ea besteak ere ikusten dituzten”.
Ikasleek egitasmoa ilusioz hartu bazuten ere, irakasleak, aldiz, uzkurragoak izan ziren. “Hasieran irakasleei, ez ikasleei, horrelako proiektu batek beldurra ematen die. Baina martxa hartzea da”, dio Navasek. Argitalpenaren arrakasta, ordea, ikasleen parte hartzeak baldintzatuko du. “Horrelako proiektu batek balioa du erabilera duen heinean, jendea sartzen baldin bada”, gogoratu du Iriondok. Bide horretan, adina oztopo zaiela uste dute. “Adina ez da erraza, Gustura aritu badira ere, irakasleengandik datorren zerbait da beraientzat, eta lantzat ikusten dute”.