Xabier Leteri kantatuko diote Koldo Mitxelenan
Koldo Mitxelena Kulturuneak omenaldia egingo dio bihar arratsaldean Xabier Leteri. Oiartzungo poeta eta kantariak askotan abestu eta errezitatu zuen bertan. Bere azken liburua, Egunsentiaren esku izoztuak poema bildumaere Koldo Mitxelenan aurkeztu zuen 2008an. Heriotza bizi testigu baten ikuspegitik hitzaldian, berriz, heriotzaren bizipenen inguruan hitz egin zuen areto nagusian. Irakurketa hura gorde eta Negua izango zen izeneko grabaketa moduan jaso zuten. Orduan Joxan Goikoetxeak jarri zien musika Leteren olerkiei. Biharko omanaldian ere izango da Goikoetxea (eskusoinua, teklatua), beste hainbat musikari eta kantarirekin batera.
Pier Paul Berzaitz, Antton Valverde, Arantza Irazusta, Mikel Markez eta Pako Aristi kantari eta errezitatzaile gisa ariko dira. Musikari gisa, ordea, Karlos Gimenez piano jotzailea, Txema Garces gitarrista eta baxu jotzailea eta Xanet Arozena gitarra jotzailea.
Sarrera doan izango da, eserlekuak bete arte. Dena den, edukiera handiagoa izango duten beste emanaldi batzuk egingo dituzte. Musika Hamabostaldiak abuztuaren 11n izango du Lete gogoan, Arantzazun. Urriaren 11n, berriz, Urnietako kiroldegian; eta abenduaren 4an, Donostian, Kursaalen.
Parte hartzaileak. Pier Paul Berzaitz, Antton Valverde, Arantxa Irazusta, Mikel Markez, Pako Aristi, Karlos Gimenez, Joxan Goikoetxea, Txema Garces eta Xanet Arozena.