Aitor Azurki: "Ez dute euren bizitza kontatu, atzean geratu zirenena baizik"
Kazetari donostiarrak ‘Maizales bajo la lluvia’ liburua argitaratu du. 1936ko gerran frankisten aurka borrokatu zutenen lekukotzak jaso ditu.
Galderak egiten hasi zen etxean, eta beste hainbat familiatan bezala, berean ere 1936ko gerrak sendatu gabeko zauriak utzi zituela ohartu zen. Gehiago jakin nahi zuen, aitona-amonen historia entzun, baina «gerran bizitakoa oroitzea eta kontatzea mingarriegia zen beraientzat». Aitor Azurkik (Gros, 1983) haien testigantzak galdu egin zituen. Ez zuen beste familietan gauza bera gertatzea nahi.
Kazetariak 11 borrokalariren memoria gorde du Maizales bajo la lluvia liburuan. Non ziren gerra hasi zenean? Zein batailatan izan ziren? Zer gertatu zitzaien gerra bukatu zenean? Haiekin batera ibili da iraganean gudu zelai izandako paisaietan barrena, historia liburuek jasotzen ez duten «historia txikia» biltzen.
Nortzuk dira liburuko protagonistak?
1936ko gerran, Francoren aurka borrokatu zutenak. Demokraziaren alde borroka egin zuten ideologia guztiak ordezkatu ditut: komunistak, nazionalistak, anarkistak eta sozialistak. Otxandio, Durango eta Gernikako bonbardaketa; Eibar eta Irun erre zituztenekoa; fusilamenduak; langile batailoiak… Euskadiko frente edo bataila guztiak agertzen dira. Zuzenean kontatu didate historia; xehetasunez eta bitxikeriaz beterikoa. Nolakoa zen haien familia? Non zeuden Gerra Zibila hasi zenean? Zein erasotan parte hartu zuten? Hogeita bost elkarrizketatik gora egin nituen, baina azkenean 11 hautatu behar izan nituen.
Aurkeztu itzazu, banan banan.
Marcelo Usabiaga irundarra hainbat frentetan ibilitakoa da. 21 urtez preso izan zuten, eta lehenago ere hiltzera kondenatu zuten. Mateo Balbuena jaiotzez Leongoa da, baina Donostiako bataila bizi izan zuen. Julia Hermosilla da emakume bakarra, anarkista. Bere senarra Angel Aransaez anarkista historikoa izan zen. Otxandioko bonbardaketan bi tinpanoak lehertu zitzaizkion, eta gor geratu zen. Luis Mari Azpiri eibartarrari tibia eta peronea apurtu zizkioten trintxera batean. Hil arte sozialista porrokatua izan da. Felix Padin anarkista Otxandioko bonbardaketan izan zen, eta hainbat batailoi ezagutu zituen. Manuel Goenaga usurbildarra, berriz, ez zen ideologia zehatz batekoa; baina zerbait egin nahi zuen demokraziaren alde, eta Asturiasen ibili zen borrokan. Ignacio Gaspar Alvarez komunista 16 urterekin harrapatu zuen gerrak. Paco Barreñak Durangoko bizitza kontatzen du. UGTkoa zen. Bonbardaketaren ondorengo Durango ezagutu zuen. Txisko de la Fuenteri, berriz, bere bandokoak fusilatzera behartu zuten. Txisko Gernikan zen bonbardatu zutenean. Angel Mentxaka gudari zaharrenetakoa da. La Navalen egiten zuen lan. Errepublika zaleentzat, hasieran; frankistentzat, ondoren. Jose Moreno gudaria ELAko kide izan zen. Gehienek Francoren langile batailoietan bukatu zuten lanean, esklabo moduan. Espetxean, edota erbestean, bestela.
Zergatik 1936ko gerra?
Gogoratzen naiz ikastolan Gerra Zibila kontatu zigutela, baina gainetik. Galderak egiten hasi nintzen. Gure etxean, familia guztietan bezala tragediak izan zirela konturatu nintzen. Aitona gudari izan zen; eta bere anaia, gerrako haurra, Belgikan bizi izan zen. Nola zen posible nik ezer ez jakitea? Gurasoek ez zidaten ezer esaten, eta aiton-amonek, gutxi. Gainera, aitona-amonak hil egin ziren. Nire aitonaren lekukotza galdu nuen. Hamazazpi urterekin joan zen frentera borrokatzera boluntario. Horren gaizki pasatu zuen, ez zuela ezer kontatzen. Badut grabaketa bat, baina kalitate txarrekoa. Kuxin batean azpian ezkutatu nuen grabagailua eta galderak egiten hasi nintzaion behin. Ez zuen ezer kontatu nahi. Frankistek Donostia hartu zutenean sozialistekin joan zen autoan Eibarrera, eta Bilborantz. Badakit gutxi gora behera zein batailoietan izan zen. Baina ez gehiegi. Ez nuen hau familia gehiagotan gertatzea nahi. Hilezkortu egin nahi nuen haien historia. Historia txikia da azken finean, eta hori ezin da galdu. Eta elkarrizketak egiten hasi nintzen. Historialariak, alderdi politikoak, memoria historikoaren aldeko elkarteak, sindikatuak… Ate joka hasi nintzen, eta horrela hasi nintzen kontaktuak bilatzen.
‘Maizales bajo la lluvia’. Zer esan nahi du izenburuak?
‘Batailoiak euripean’ esan nahi du berez. Literatur kutsua eman nahi nion. Oso gertakari gogorrak eta krudelak dira, baina ez nuen irakurleek historia astun baten moduan ikustea nahi. Gudari batzuk artasoroak aipatzen zituzten: ‘Artasoroetatik ateratzen ginen borrokatzera’, ‘artasoroetan ezkutatzen ginen’… Artasoroak batailoien metaforak dira nolabait. Artasoroak landare talde bat dira: etorkizun bera dute, berdinak dira… Eta euripean, ba bi bandoen arteko desberdintasuna abiazioa zen. Abiazioa frankistek zuten, eta beti botatzen zizkieten bonbak. Euria bezalakoa zen. Euskal Herrian euri asko egiten du, eta antza denez 36ko uda oso euritsua izan zen.
Ikasgairen bat eman al dizute elkarrizketatuek?
Pentsa, 24 urteko mutil bati ateak ireki dizkiote. 90etik gora dituzte guztiek. Euren ateak eta euren memoria zabaldu dituzte. Oso eskuzabalak izan dira. Azkeneko urteetan dauden gizon horien duintasuna ezagutu dut. Eta hori izan da ikasgaia: duintasuna eta bizitzeko gogo izugarria. Eta umiltasuna, eta gizatasuna… Oraindik ere baikorrak dira, borrokalariak. Gainera, ez dute ekintza heroikorik kontatzen. Ez dute ezer kontatzen dominak lortzeko. Gizarte baten erretratua egin dute. Izan ere, ez dute euren bizitza kontatu, atzean geratu zirenena baizik: haiekin borrokatu zutenena, senitartekoena, herriarena… Gizarte baten testuingurua kontatzen dute. Bozeramaile inboluntarioak dira. Eurak, nahi gabe, gizarte baten eta garai baten memoria bizia, eta protagonistak bihurtu dira.
Zure lehen liburua da. Nolako esperientzia izan da?
2006an hasi nintzen liburuarekin lanean. Pixkanaka egindako lana izan da. Halere, nik sinatzen badut ere, lan kolektiboa izan da. Jende askok lagundu dit. Badut beste liburu bat idazteko asmoa, baina oraindik ideiak besterik ez ditut. Hau txispazo bat izan zen. Gau batean ‘historia hau gorde egin behar dut’, pentsatu nuen. Nire harri koxkorra ipini dut memoria historikoaren alde. Mugimendua, finean, talde txikiek egin dute. Berrogei urteko isilunea izan da. Frankismoan hasieran, trantsizioan, zein demokrazian. Denak beldurrez egon dira, baina badirudi pixkanaka egia argia ikusten ari dela. Gutxi batzuk hasi ziren duela hamar urte, eta pixkanaka aurrera egin du. Iloben iraultza izan dela diote, eta ni ados nago. Gurasoak isilik geratu ziren. Frankismoa oraindik gertuegi sentitzen zutelako pentsatzen det; eta ilobak hasi gara galdezka. Eta ni horietako bat naizela sentitzen dut.