Azalpenik eskatu gabe eta minduta utzi du Lasartek Reala
Prentsaurrekoan guztiz zuzena izan da eta, geratu eta gauzak hobetzeko gogoa duen arren, gorrototik gabe doala esan du.
Eskatutakoa bete duenez, lasai utziko du kluba eta berriro ere itzuliko litzatekeela dio.
Zurrumurruak baieztatu zituen Realak astearte gauean, komunikabideetara bidalitako mezu baten bidez; «Martin Lasartek ez du Realean jarraituko. Bihar agurtuko da komunikabideen aurrean, 12:00etan, Zubietan». Garaiz iritsi zen atzo uruguaitarra Zubietako prentsaurrekora: «Denei eskerrak eman nahi dizkizuet, bi urte zoragarri izan dira; ziur aski kirol mailan bizi izan dudan garairik onena izan da», izan ziren entrenatzailearen lehen hitzak. Oso argi utzi zuen, gainera, talde txuri-urdinean jarraitzeko gogoz zegoela, baina duela lauzpabost aste konturatu zela giro aldaketaz. «Niretzako ez da guztiz egoera erosoa eta gustukoa. Baina futbola horrelakoa da eta onartu beharra dago». Gainera, Jokin Aperribai presidentearekin eta Loren kirol zuzendariarekin izandako bileran, ez zuela azalpenik jaso nahi izan esan zuen: «Ni naizen bezalakoa naiz».
Edonola ere, ez duela inorenganako gorrotorik gordetzen onartu zuen eta aurrerago itzultzeko eskaintza jasoko balu, itzuliko litzatekeela guztiz argi utzi zuen. «Kirol mailan eskatutakoa bete dut; igoera, harrobiko ispiritua itzultzea eta, noski, mantentzea. Maila pertsonalean ere gustura geratu naiz, nire aitarengatik egin nahi bainuen. Jasotako energia betirako gordeko dut». Ezbairik gabe, gauza gehiago egiteko gogoz zegoela ere onartu zuen. «Egoera zure interesen aurkakoa bada, minduta geratzen zara».
Gertatutakoa gertatuta ere, sekula ez dela bakarrik sentitu adierazi zuen. «Zubietak berezko bizia du; jokalarien babesa jaso dugu momentu oro eta sekula ez naiz bakarrik sentitu». Hori gutxi balitz, izenik aipatu gabe, atzo jokalari baten mezu bat jaso zuela aipatu zuen: «Asko gustatu zitzaidan mezua eta horrelako gauzekin geratuko naiz». Zaleen sentimenduei dagokionean, berriz, denetarik egongo dela esan zuen. Hala ere, oso gustuko duen sentimendu bat baduela aipatu zuen: «Asteburuan irabazi ondoren, astelehenean Donostiatik ibiltzea zoragarria izan da». Gainera, ikusleen babesa jaso dutela esan zuen eta Anoeta aurkarientzako toki deserosoa izatea lortu dutela pentsatzen du.
Prentsaurrekoan aipatutakoaren arabera, Diego Rivasekin du zerikusia Lasarteren eta Aperribairen arteko ez ulertuak. Lasartek azaldu zuenez, Rivasek ez jokatzeko agintzen zioten Aperribaik eta Lorenek. «Rivas niretzako plantillako beste jokalari bat gehiago zen. Nik 25 jokalariren artean egin behar nuen hamaikakoa, ez 24ren artean», esan zuen Lasartek. Gainera, hartutako erabakiekin gustura dagoela aipatu zuen, egokiena iruditzen zitzaiona egiten baitzuen. «Gauzak gaizki egitea ere jokoaren parte da. Pentsatzen nuenaren arabera hartu ditut erabakiak eta horrela lasaiago noa; ez baitut beste batzuen erabakiekin galdu».
Aurrera begira, momentuz planik ez duela esan zuen entrenatzaileak. Atzoko bere asmoa hondartzara joatea zela besterik ez zuen esan. Hortik aurrera, Espainiako Ligan jarraituko duen edo ez, aukera bat besterik ez dela esan zuen.
Hurrengoa ez da Bielsa
Oraindik ez da jakina nork beteko duen Lasartek utzitako hutsunea, baina Lasartek zorte ona bidali zion. «Esperientzia gure alde genuen; ez dut esango onena iristear zegoenik, baina politena bai; helburuak gorago jartzeko unea zen», aipatu zuen Lasartek.
Prentsaurrekoa txalo artean utzi zuen Lasartek eta, kalean, hainbat zale zituen zain. Lasarteren aldeko oihuak bota zituzten eta bera agurtzeko gogoa zuen guztiarekin hitz egin zuen.
Beste mezu bat bidali zuen Realak komunikabideetara, atzo arratsaldean, zurrumurru bat gezurtatuz: «Realak Bielsa fitxatu duela dioen zurrumurrua zabaldu da. Gezurra da. Realak ez du Bielsa fitxatuko duela esan». Hori ez da, ordea, zurrumurru bakarra. Dagoeneko beste entrenatzaile batzuen izenak hasi dira aipatzen realzaleen artean: Meho Kodro, Karpin, Arkonada… Realak Lasarteri joaten utzi dioenerako, hurrengo entrenatzailea lotuta duela pentsa daiteke.