"Ez dugu krisi hitza erabili nahi; gurea berrikuntza eta sormenaren jaialdia da"
Iberoamerikako eremuan portugesez edo gaztelaniaz egindako publizitate lanak Kursaalen bilduko dira gaur eta igandea bitartean. El Sol jaialdia hirira iritsi da. Brasil, Argentina, Mexiko, Espainia edota Euskal Herriko hainbat agentzia publizitate ekimen onenen sariak lortzeko lehiatuko dira.
Igandean herritar guztientzako irekiko dituzte ateak
DPublizitate agentzietako profesionalez gain, haien iragarki eta ekimen onenak ikusteko prest dauden herritarrek ere lekua izango dute El Sol jaialdian. Igandean, 11:30ean, saritutako lanak ikusteko aukera izango dute Kursaal Ganbera aretoan. Sarrera doakoa izango da.
Carlos Rubio gerenteak eta Enric Pujadas zuzendariak momentu ekonomiko «zaila» dela, eta publizitate enpresak asko sufritzen ari direla adierazi dute: «Batetik, krisi ekonomikoa dugu, eta bestetik, sektorea bizitzen ari den aldaketa erraldoia. Internetek eta mundu digitalak eragindako aldaketei ezin diegu bizkarra eman». Horregatik, aurten hainbat atal egokitu eta beste batzuk sortu egin dituzte. Guztira hamabi atal izango ditu. Osasunari buruzko publizitate kanpaina eta piezei eskainitakoa izango da berria: «Osasunaren inguruan lan egiten duten hainbat enpresek aurkezteko aukerarik ez zutela ikusi dugu. Ia ehun lan jaso ditugu, aurten lehen aldia izanik».
2.502 pieza eta kanpaina aurkeztu dituzte; iaz baino %13 lan gehiago: «Beheranzko joerari aurre egin diogu jaialdiaren ataletan egindako aldaketei esker. Internet eta sare sozialetan egindako kanpainei tartea eskaini diegu». Zailtasun guztien gainetik, optimistak direla azaldu du Pujadasek: «Sortzaileak gogotsu daude, eta ideia indartsuak sortzen ari dira. Ez dugu krisi hitza erabili nahi; gurea berrikuntza eta sormenaren jaialdia da. Krisi garaian esan ohi dute asmamena zorrozten dela, eta hala da. Halere, garai hobeak laster iritsiko direlakoan nago».
Publizitatearen joera berrien inguruan berriz ere azpimarratu dute ideien garrantzia: «Lehen ekoizpen eta errealizazio handiak ziren nagusi. Ideiak ez ziren hain garrantzitsuak, apaingarri horiek tapatu egiten zituztelako nolabait. Orain, ordea, ekoizpen handiak egiteko dirurik ez dagoenean, ideia onak ezinbestekoak dira».
Jaialdian Donostiako bi publizitate agentzia lehiatuko dira. Dimension eta Arista. Eusko Jaurlaritzarentzat egindako Lelo bat naiz spota, edota Keler garagardo markarentzat diseinatutako grafikak aurkeztuko ditu, besteren artean, Dimensionek. Aristak, berriz, Principe gaileten webgunerako egindako pieza bat.