Hiesaren lehen diagnosiaren 30. urtemugari eskainiko diote Visible jaialdia
Film laburrak, kontzertuak eta erakusketak antolatu dituzte Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexual kultura lantzen duen Donostiako bigarren jaialdian
Iaz Viktoria Eugenia Antzokia lepo bete zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldiarekin. Haurrei familia eredu desberdinak daudela azaldu zieten pailazoek ‘Familiak milakolore’ ikuskizunean. Gehituren ustez, kultura gizartea eraldatzeko tresna izan daiteke, eta horregatik ekin zion iaz Visible jaialdia antolatzeko abenturari. Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexual kulturaren gaineko ekimena da, eta aurten ere jarraipena emango diote. Transexualitatearen gaiari eskaini zioten iazko ekitaldia. Oraingoan, Hiesaren lehen diagnosiaren 30. urtemuga dela eta, gaixotasunaren inguruko gaiak izango dira nagusi.
Zinemara, kantatzera Larunbatean estreinatuko dute jaialdia. Donostia 2016 Hautagaitzaren Olatu Talka jaialdiarekin elkarlanean ‘Sonrisas y lagrimas’ zinefesta egingo dute Viktoria Eugenia Antzokiko klubean, 22:30ean. Ez da zinema proiekzio arrunta izango. Musikalaz gozatzeko beste modu bat proposatu diete eta ikusleei. Emanaldian kantatu eta filmeko pertsonaiez mozorrotzeko aukera izango du publikoak. Mojaz, kapitainez edota naziz, besteren artean. Yogurina Borova, Haizea Muñoz sopranoa eta Joseja Huerta baritonoa izango dira ikusleen artean saioa girotzeko.
Hainbat arte erakusketa aretok bat egin dute Visible jaialdiarekin. Guztira hemezortzi erakusketa izango dira ikusgai asteburu honetatik aurrera. Juan Luis Goenagaren azken paisaiak, Ekain galerian; Dora Salazarren eskulturak, Artekon; Pedro Usabiagaren argazkiak, egileak Grosen duen estudioan; Sergy Sesmaren ‘Extroversida’ proiektua, Loiola kultur etxean; Iñigo Manterolaren ‘Adan y Adan’ erakusketa, Okendo kultur etxean; Javi Guerreroren ‘Superando el estigma del VIH/SIDA’, Lugaritzen…
Zinemak paper garrantzitsua jokatuko du jaialdian. Fnacen Hiesaren aurkako jaialdia prestatu dute ekainaren 13a eta 17a bitartean. Andre Techine zuzendariak Parisen Hiesaren pandemia berri eta ezezaguna nola hasi zen azalduko du ‘Les temoins’ pelikulan. Michael Cristofer-ek Gia Marie Carangie supermodeloaren gorakada eta beherakada kontatuko du ‘Gia’ pelikulan. Hiesak eragindako lehenengo heriotzetako bat izan zen. Richard Natalen ‘Green plaid shirt’, ‘The living end’, eta Chris Columbusen ‘Rent’ lanek osatuko dute Fnaceko programa.
Film laburrak ere izango dira ikusgai. Hain zuzen, Larrotxenen, 90eko hamarkadan hainbat ekoizpen egin zituzten Antxon Otañok eta Juanan Urkolak: ‘Faloman’, ‘Desioa’, ‘Inmundicias’, ‘Extraño en el paraiso’ edota ‘Parto’. Mongoliako pertsona transexualei egindako erretratuak ere izango dira ikusgai Fnacen. Alvaro Laiz eta David Rengel argazkilariek lurralde hartan bizitakoa kontatuko dute ekainaren 4an, 19:00etan. Haiekin izango da Errespetuz, Euskal Herriko Transexualen Elkartea.
Ekainaren 30ean amaituko da egitaraua musika eta irudiak uztartuko dituen ‘Al-Al Proyect’ ikuskizunarekin. Allende Arnaizek eta Alvaro Ledesmak musika garaikidea eta bideo artearen arteko elkarrizketa egingo dute Viktoria Eugeniako klubean, 20:00etan.