Igandean bertan alkate izateko aukerari uko egin ziola esan du Elorzak
PSEko lehen alkate bilakatu zen Odon Elorza 1991. urtean, eta 2011n hogei urteko agintaldiari agur esan dio. Alkate izateari uko egin dio, eta PSE-EEko bozeramaile izateko aurkeztu du bere burua. Igandeko emaitzak jakin ostean erabakia hartu zuela ziurtatu zuen kazetariz bateta eta zinegotzi sozialistez inguratuta atzo eman zuen prentsaurrekoan; aldiz, alderdiak egindako eskaera medio, ixilik mantentzea erabaki duela esan zuen.
Hartutako erabakiarekin damutzen ez dela eta urte hauetan guztietan, «arima, bizitza eta bihotza» eman duela nabarmendu du. Ia mende laurdeneko bidaian ondoan izan dituen lagun guztiak eskertu ditu, baita egun hauetan zehar sare sozialen bidez jaso dituen babes mezuak ere.
«PP eta EAJren obsesioa»
PSE-EEko zerrendaburuak, era berean, ez ditu azken hauteskundeotan lehiakide izan dituen PP eta EAJ ahaztu. Bera bazterrean uzteko gogo handia zutela; haien «obsesioa» zela azpimarratu du. Arrazoiak, berriz, oraindik ez dituela ezagutzen zehaztu du: «Hiria ondo ezagutzen dudalako-edo izango da, baina ez dute zergaitirik adierazi». Eskuinak «inkisizioaren papera» betetzen duela adierazi du. Urteotan egindako kudeaketa garbia zalantzan jartzeak ere Elorza mindu du. «Alfonbrak astintzen hasiko direla diote; hautsa erruz topatuko dute, ordea».
«Gaizki pasako dut»
Bildu ere ez du Odon Elorzak aipatu gabe utzi, eta argi azaldu du: «Bilduk hiria bakarrik gobernatzen badu gaizki pasako dut». Dena gelditu eta atzeratuko duela, eta sufritu egingo duela aitortu du. Hauteskunde kanpainan Bilduko ordezkarien ahotik entzun dituen proposamenek «demagogia» dutela onarri, eta hiriarentzat atzerapausoa izan daitezkeela uste du. Abiadura Handiko Trena hirian sartzeko asmoa bertan behar utzi nahi izatea jarrera «arkaiko» eta «demokraziaren aurkakoa» dela jarri du Elorzak adibide. Bilduri, honenbestez, «demokratikoki, alternatibaz beterik eta diskurtso politikoz» egin behar zaiola aurre adierazi du.
AHTa baino, Elorzak beste kezka nagusi bat duela nabarmendu du: bakea nola eraikiko den, nortzuk eraikiko duten, historiaren berri nola emango den eta herri memoria nola egituratuko den. Dagoen lekuan dagoela ere kezka horren inguruan buru belarri ariko dela azpimarratu du.