Olatu Talka eztanda egitear da
Olatu Talkaren egitaraua prest dago.Donostia 2016 Hautagaitzak atzo eguerdian aurkeztu zuen, Groseko espigoian, olatu talken artean, hain zuzen.
Ehun eta hogei jarduera baino gehiago prestatu dituzte. Kaleko dantza, tai ji saioa, txalaparta ibiltaria, grafiti erakustaldia, piknika, DJak… Oreka TXeko txalapartariekin hasiko da bihar Olatu Talka. Txalaparta ibiltaria egingo dute. Victoria Eugenia Antzokian hasi eta udaletxeko terrazaraino joango dira, Erdialdeko kaleetan zehar ibili eta gero. Udaletxean bertan, bikoteak jendeari txalaparta eskola labur bat eskainiko dio herritarrei.
Larunbatean, protagonismoa Kontxako hondartzan egingo duten happening batek hartuko du. Hiriko inauteri konpartsek prestatutako ikuskizun «harrigarria» prestatu dute. Oihu abesbatza bat izango da, grafitiak, kolore asko… eta Kontxako erlojuak jantziko dituzte.
Iaz bezala, Alderdi Ederren hainbat abesbatza bildu eta amaiera kontzertua egingo dute igandean. Donostiako Orfeoia, Udal Musikal eta Dantza Eskola, Easo Abesbatza eta Gipuzkoako hainbat koruk parte hartuko dute. 19:00etan hasiko da. Herritarrek hitz egin eta abestu dezaten, aurten ere mikrofonoak irekiko ditu Olatu Talkak. Frabtziako pasealekuko iturria Hitzen iturria bihurtuko da. Hitz egiteko, irakurtzeko eta entzuteko espazioa izango baita. Open Mike, berriz, udaletxeko terrazan, musikari eta abeslarientzako txokoa izango da. Eta Open set, DJentzako lekua. Salamanka pasealekuan, Be Bop tabernaren aurrealdean izango dute karpa berezia.
Parte Zaharreko eta Erdialdeko dendek erakusleiho bereziak prestatuko dituzte hiru egun hauetan, eta Nautikoan terrazak irekiko dituzte 02:00ak arte DJen musikaz gozatu ahal izateko. Club Vasco de Campingek eta Kalapiek ibilaldi berezia antolatuko dute ostiralean. 12:00etan Kursaaletik irtengo dira txirrindan bidegorrietan zehar ibiltzeko. Viktoria Eugenia Antzokian, berriz, haurrek Peru eta otsoa antzezlana ikusteko aukera izango dute; euskaraz, 18:00etan, eta gaztelaniaz, 19:00etan. Akelarre bat eta lamia eta sorginen ibilaldi bat ere izango da, Galizia Etxeak antolatuta.Kursaaleko terrazetan queimada egingo dute.
Hurrengo maiatzaren 31 Donostia 2016 hautagaitzarentzat egun garrantzitsua izango dela adierazi du Marisol Garmendiak: «Epaimahaia hirian izango da egun horretan. Espero dugu gure energia eta indarrarekin gure helburua lortzea». Odon Elorza alkatearen ustez, «epaimahaiari sormen handiko hiria garela erakutsi behar diogu. Hautagaitza lortzea lantaldearen eta herritarren esku dago».