Zeliakoek batez beste 1.500 euro gehiago gastatzen dituzte urtero janean
Ogiak, gozoek eta beste hainbat elikagaiek duten glutenak kalte egiten dien herritar mordoxka dago Gipuzkoan. Zeliakoen elkartean 700 bat bazkide dira gipuzkoarrak. Hala ere, gaixotasun honen inguruan ezjakitasuna oraindik ere handia delako, elkarteko Amparo Cervo eta Nerea Segurak euren aldarrikapena zeintzuk diren argitu dituzte Zeliakoen Eguna ospatzen den honetan.
Euskadiko Zeliakoen Elkarteko Gipuzkoako arduradunak, Amparo Cervok, adierazi duenez, gaixotasuna atzemateko Osakidetzak eskaintzen dituen baliabideak urriak dira. Gipuzkoan, elkarteko bazkideak 700 diren arren, «gaixoen %10ak besterik ez» dakiela azaldu dute. Hori dela eta, gaixotasuna lehenbailehen atzemateko bitartekoak ezartzea beharrezko jo dute.
Elkarteko dietista den Nerea Segurak 11 urte igaro zituen glutenak bere osasunean onik egiten ez ziola jakin gabe. «Bederatzi hilabete nituela pisua galtzen hasi nintzen eta sendagilez sendagile ibili nintzen arren, ez zuten konponbiderik bilatzen». Azkenean, ileapaintzaileak eman zien giltza. Dieta zaintzen hasi bezain laster, 30 zentrimetro haztea lortu zuela adierazi du Nerea Segurak.
Ahora eraman beharreko elikagaiak zaintzea, ordea, ez da uste bezain erraza. Zeliakoen elkarteetako federazioak haientzat osasungarri diren produktuen zerrenda osatzen du urtero eta harri jarraitu behar diote zorrotz.
Andra Mari eta Gandarias
Otorduak kalean egin nahi dutenean, ordea, zer? Jatetxeek eskaintzen al dute glutenik gabeko produkturik? Etxetik kanpo jan-edanean ibiltzea zail xamar dutela onartu dute bai Nereak eta bai Amparok. Gipuzkoak zeliakoentzako jakiak eskaintzen dituzten 10 jatetxe inguru daude. Krisiak, gainera, eskaintza hori zabaltzeko ateak itxi egin dituela gaineratu dute.
Donostian, dena den, badira Zeliakoen Elkarteak emandako aholkuak jarraitu ondoren, glutenik gabeko otordu eta pintxoak eskaintzen dituztenak: Parte Zaharreko Gandarias eta Groseko Andra Mari jatetxeak. 2007an hasi ziren zeliakoentzako jatetxeen gida osatzen. Batzuetan, ordea, zeliakoen eskura jartzen zen eskaintza, entsalada eta xerra besterik ez zela izaten gogoan dute. Egoera hori ez errepikatzeko, elkarteak interesa duten jatetxeei trikimailu errazak ematen dizkiete.
Laguntzarik ez
Erosketarik merkeena egiteko trikimailuak topatzea, aldiz, ez dute batere erraz. Jaki arrunt eta glutenik gabekoen artean, aldea oso nabarmena dela salatu dute. Kalkulatu dutenaren arabera, zeliakoek urtero 1.500 euro gehiago gastatzen dituzte janean.
Elkarteko kideek egindako elikagai aukeraketari begira aldea nabarmena dela ikus daiteke: ogi arruntak 0,35 euro balio baditu, glutenik gabekoak 0,85 (%500 garestiago); zerealak euro bat, glutenik gabekoak 2,2 (%300 garestiago); gailetak, 0,2 euro, glutenik gabekoak 2 (%600 garestiago); madalenak, 0,1 euro, glutenik gabekoak 0,4 (%630 garestiago). Elikagai arruntei %4ko BEZa ezartzen zaien bitartean, glutenik gabekoei %8.
Gastu horiei guztiei aurre egiteko, gainera, laguntzarik ez dutela salatu dute. Valentzian eta Nafarroan ez bezala, bertan ez dela diru laguntzarik ematen adierazi dute.