"Donostian ohikoa ez zena lortu dugu, iazko plantillaren oinarria mantentzea"
Baja eta altaren bat tarteko, Donostiarrak iazko plantilla mantentzea lortu du eta, gogor entrenatzen ari da, KAE-1 Ligan lan polita egiteko asmoz; esperientziadun arraunlariek eta gazteek osatzen dute plantilla
Aurreko urteetan bezala, Jose Ramon Mendizabal Mendi (Parte Zaharra, 1955) ari da entrenatzaile lanetan, Donostiarraren lehen ontzian. Itxaropentsu dago ekainaren 26an hasiko duten denboraldiarekin. Gainera, postua uzten duen egunean, taldea TKE Ligan ikustea gustatuko litzaiokeela dio.
Iazko denboraldi hasieran, 35 arraunlari zenituzten plantillan. Aurten zer moduz zabiltzate?
Iazkoaren antzeko kopurua daukagu. Donostian ohikoa ez dena lortu dugu, iazko plantillaren oinarria mantentzea. Donostian oso erraz uzten baitzaio arraun egiteari. Kalitateari dagokionean, berriz, bajaren bat egon da, baina altak ere bai.
Esperientziadun arraunlariak ekarri dituzue, edo lortu duzue harrobiko arraunlariak igotzea?
Iaz Donostiarra B ontzian aritu ziren hiru arraunlari igo ditugu. Bestetik, Hondarribian Bn eta Koxtapen ibilitako arraunlariren bat ere badugu, besteak beste.
Dagoeneko helburuetako bat lortu duzue orduan, harrobiko arraunlariak mailaz igotzea. Bide horretatik jarraitu behar duzue, ezta?
Bai, hori da bidea. Beheko trainerua egin genuenean, bagenekien dezente kostatuko zitzaigula, bai giza eta bai ekonomia alorrei dagokienez. Baina proiektuaren muina hori zela erabaki genuen. Berriro diot, arraunlariak oso ongi zaindu behar direla, aldaketa asko egoten baitira.
Aurten bai Ur-Kirolakek eta bai Arraun Lagunakek aulki mugikorreko zortzikoa uretaratu dute. Aldi berean, Donostiarrako kideak dira horietako arraunlari batzuk. Traineruko lanean eragina izan du horrek?
Bi klub horietan aulki mugikorrera itzultzea gure helburuen artean zegoen. Zorionez, iaz Arraunek lortu zuen eta, aurten, biek. Traineruaren funtzionamendu orokorrerako abantaila bat dela uste dut; datak eta ordutegiak zehaztea da lan bakarra, arazo txikiren bat izan baitugu, baina besterik ez.
Behin aulki mugikorreko denboraldia bukatuta, lasaiago zabiltzate?
Bai. Gurea bezalako talde batean ezin baitugu indarrak banatzen ibili.
Neguan Pasaian entrenatzeko arazoak izaten dituzue, bertan ez duzuelako baliabiderik. Egoera berdinean zaudete?
Aurreko urteetan bezala entrenatu dugu eta egia da Pasaian baliabiderik ez izateak arazoak sortzen dizkigula. Hala ere, esfortzuak merezi duela uste dugu, maila teknikorako eta entrenamendu fisikorako eraginkorra baita.
Arazoa konpon daiteke?
Etorkizunean Pasaian entrenatzeko baliabideak izango ditugula uste dut, neguan badian entrenatzea oso zaila baita. Pasaian dutxa batzuk dituen lokalak izatea nahikoa litzateke.
Taldearen oinarria mantendu duzue, baina erraz bateratu dituzue arraunlari berriak?
Oinarria egina zegoenez, ez da oso zaila izan. Taldearen erdia baino gehiago egina genuen eta arraunlari berriak bertan egokitu ditugu. Taldearen jarraikortasuna giltzarria da, kalitate pixka bat bermatzeko.
Zenbat arraunlari dituzu A ontzirako?
17 arraunlari eta bi patroi.
Zein izango da patroi titularra?
Harkaitz Diaz. Urkiko patroia izan zen bere garaian eta Trintxerpen ere ibili zen. Proiektuaren etorkizuneko patroia dela uste dut. Kalitate handia du eta ikuspegi bikaina du trainerua itsasoan eramateko. Oso jarrera egokia du, donostiarra da, bertako arraunlaria… egungo traineruetan ez daude halako kalitatea daukaten patroi asko.
Patroia lotzeak pisua kenduko zizuen gainetik, ezta?
Bai. Hala ere, uste baino arazo gehiago ditugu entrenatzeko. Hiriko autobus zerbitzu publikoko gidaria da eta, ematen dizkiotenak baino erraztasun gehiago emango zizkiotela uste genuen.
Gertuago dago TKEra iristeko helburua?
Bai. Aurten, agian, espero gabeko bi talderen helburu aldaketa izan dugu. Izan ere, Portugalete eta Santurtzik esfortzu ekonomiko handia egin dute, goiko postuetara iristeko. Hala ere, daramagun bideari jarraituz, zerbait jasoko dugula uste dut.
Hasieratik zaude Donostiarraren proiektuan. Noiz arte ikusten duzu zure burua entrenatzaile postuan?
Aurten ere osasun arazoak izan ditut… eta, egia esan, ez dakit zer esan. Proiektuaren aurrerapausoek eta Udalaren laguntzak eragina izango dute. Ez naiz luzerako ikusten, baina taldea TKEn uztea gustatuko litzaidake.
Udalaren diru-laguntza baduzue oraindik ere?
Bai eta eskertzekoa da gugan jarritako konfiantza.
1.000 bazkide izatera iritsi zarete?
Ez dakit eta ezetz uste dut, baina gertu ibiliko gara. Gainera, lortzen ez badugu ere, lortutako arrakasta sekulakoa dela uste dut. Donostian edozein elkartek hainbeste bazkide lortzea, trukean ezer ere jaso gabe, zaila da.
Dagoeneko egutegia osatua dago?
Bai eta gutxi gora-behera iazko egutegi bera dugu. Ekainaren 26an izango dugu lehen estropada, El Rasillon