Diego Vasallo.
Viktoria Eugenia Antzokian izango da asteazkenean; ‘Canciones en ruinas’ laneko kantak abestuko ditu
Bizitzako une zurrunbilotsu batean idatzi zituen Diego Vasallok disko berriko abestiak. Malenkoniak, iluntasunak eta tristetasunak jota dauden melodiak dira. Horregatik dio izenburuan hondatutako kantak direla. Horregatik, eta musikari dagokionez ere, ez dielako inolako apaingarririk jarri. Alderantziz, biluzik utzi ditu. Ahotsari eta hitzei eman nahi izan izan die protagonismoa: «Errezitatutako edo abestutako testuez osatutako diskoa da. Ez det inolako moldaketarik egin. Ahotsa eta hitzak, horiek dira abesti baten hezurdura».
80ko eta 90eko hamarkadan arrakasta izugarria lortu zuen Duncan Dhu taldearekin. Cabaret Pop izeneko proiektua bukatu eta gero kanta hutsaren sorburuaren bila abiatu zen musikari donostiarra. Disko berrian bere ahotsa hautsi egin du: «Ahotsa hautsi baino, loditu egin dut. Erregistro altuagoetan erosoago nago, baina azken aldian nahiago dut tonu apalagoak egitea, eta gutxiago kantatzea». Zazpi urte eman ditu eszenatoki bat bera ere zapaldu gabe. Canciones en ruinas Menorcan grabatu zuen, Fornells herriko antzoki txiki batean.
Viktoria Eugenia Antzokian izango da zuzenean, asteazkenean, 21:00etan. Sarrerak 13 eurotan daude salgai.