Entrenatzaile berriaren ezaugarriak argi dituztela dio Lorenek, baina ez du izenik eman
Martin Lasartek Realeko lehen taldea zuzentzeari utziko ziola ofiziala egin zen, aurreko astean. Ordutik, uruguaitarraren postua bete dezaketen entrenatzaile askoren izenak aipatu dituzte komunikabideek. Azken berrien arabera, badirudi Frantzian dutela jomuga Jokin Aperribai presidenteak eta Loren Juarros kirol zuzendariak. Loren berak, prentsaurrekoa eman du, Anoetan, gaur eguerdian, taldearen denboraldiaren balantzea egiteko. Bide batez, aurreko astean Lasartek bere agurrean egindako adierazpen batzuk ezeztatu ditu. Hala ere, ezer gutxi aurreratu du entrenatzaile berriaren inguruan. “Zer nahi dugun oso argi dugu eta horren bila gabiltza”, aipatu du entrenatzaile berriaren inguruan. Bestetik, oraindik ez dutela ezer ere lotu argitu du eta momentuz, onena, gehiago ez esatea dela.