Hamargarren aldiz egingo dute Donostia eta Lapurdi arteko joan-etorria
Zikloturisten txanda izango da asteburu honetan; Donostia-Baiona-Donostia martxa egiteko unea izango baita, igandean. Gainera, berezia izango da aurtengo ibibidea, 10. urteurrenari baitagokio. Urtero legez, Donostiako Bera Bera errugbi taldeak eta Baionako Aviron Bayonnais kirol elkartea dira antolatzaileak. «Osatu beharreko ibilbidea paregabea da, barnekaldeko kolore berdea eta kostaldeko edertasuna nahasten dituelarik», dio martxaren webguneak. Azken finean, martxaren helburua, zikloturismoa sustatzea baita.
Donostia-Baiona-Donostia: Zikloturista martxa
Noiz. Ekainak 5, igandea.
Irteera. 7:30 eta 8:30 bitartean irtengo dira partaide guztiak.
Ibilbideak. Luzea (130 km) eta motza (90 km).
Izen ematea. Ekainaren 1era arte: www.donostiabaionadonostia.com.
Prezioa. Aldez aurretik: Zikloturista federatuek, 15 euro eta, federatu gabeek, 24 euro. Ekainaren 2tik aurrera, Manteo kiroldegian (943-291 292): Federatuek, 20 euro eta ez federatuek, 29 euro.
Dortsalak. Groseko Manteo kiroldegian jaso beharko dira, ostiraletik aurrera.
Aurten, Gipuzkoako Txirrindulari Elkarteak martxa zikloturisten jarraipena bultzatzeko emandako gomendioak jarraituko dituzte. Hala, 7:30etik 8:30era bitartean emango diete irteera partaideei, taldeak tartekatuz. Talde handiak ekiditzea da helburua. Bestetik, antolakuntzak partaide guztiei gogorarazi nahi izan die, zirkulazio-kodea errespetatzea nahitaezkoa dela. Izan ere, martxa zikloturistak trafiko irekiarekin burutzen diren proba ez lehiakorrak dira.
Bi ibilbide aukeran
Aurrekoetan bezala, bi ibilbide egongo dira aukeran; luzea (130 km) eta motza (90 km). Ibilbide luzea egingo dutenek Lezotik Jaizkibel igotzen hasiko dute bidea; ondoren, La Corniche kostaldea igaro, eta, Hendaiatik Sokoaraino, joango dira, Beraraino jaitsiz. Gero, Lizuniaga mendatea igoko dute eta han izango dute lehen janari eta edari postua. Ondoren, Sarara jaitsiko dira eta itzulerako bidea hartuko dute: Azkaine, Urruña, Behobia, Hendaia eta Irun. Azken herri horretan bigarren postua egongo da. Hondarribia eta Guadalupetik berriro Jaizkibel igo ondoren, Lezora jaitsi eta Pasaiatik Grosera iritsiko dira. Bigarren ibilbidean ere Jaizkibel igoko dute Lezotik barrena, eta Hendaiatik Sokoaraino joango dira. Baina, Urruñatik Behobiara itzulerako bidea hartuko dute.
Izen emateak eta dortsalen banaketa egiteko Groseko Manteo kiroldegira jo behar da. Partaideek doako parkinga izango dute, baita dutxatzeko aukera ere. Gainera, martxa bukatzean, amaiera festaz gozatzeko aukera izango dute. Bukaera festan, partaide bakoitzari oroigarri bana emango diete, zenbait zikloturistei sari bana emango diete eta guztiek ere ohikoa den txorizo pintxoa dastatzeko aukera paregabea izango dute.