Juan Luis Goenaga, gaur, Ekain galerian. N.L.
Juan Luis Goenagak ‘Paisaiak’ erakusketa irekiko du ostegunean Ekain galerian; uztailaren 23a arte izango da ikusgai
Hiru urte eta gero Ekain galeriara itzuli da Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950). Etxetik gertu dituen paisaiak margotu ditu, Donostiakoak eta inguruko mendietakoak: Kontxako pasealekua, kaia, Sagues… «Betiko gaiak dira. Galtzadak, hondartzak, kaia… Beti interesatu zaizkidan gaiak», dio egileak. Gertuen sentitzen dituen gauzak pintatu ohi ditu Goenagak: «Asko ezagutzen ditudan gauzak, betidanik hor izan ditudanak. Gauza bera hamaika aldiz pintatu dezaket. Baina beti beste modu batean egingo dut. Hori margolari guztiek egiten dute. Van Goghek zuhaitz bat margotu zuen, hogei aldiz. Eta Cezannek ere, mendia».
Mihise gaineko olioak zintzilikatu ditu Ekainen, tamaina guztietakoak. Berrienak dira formatu txikienekoak. Zaharrenak, iaz egindakoak, dira handienak. Txikienetan zuzenean egur gainean pintatu du batzuetan, mihise gainean bestetan.
Duela hiru urte galerian bertan aurkeztu zuen bilduman paper gaineko olioak ziren nagusi. Ilunagoak ziren. Oraingoan, ordea, kolore argiak aukeratu ditu. «Pinturak berak eramaten nau beste bide batzuetara. Nire kasuan olioak», dio margolariak: «Gai batekin aspertzen zarenean beste bat hartzen duzu. Egun batzutan argi gutxiago daukazu, urtaroaren arabera ere aldatu egiten da… Argia premiazkoa da, ordutik ordura aldatzen doalako eta horrek, etengabe, zentzu berri bat ematen diolako kuadroari. Eta gai batekin aspertzen bazara, beste batekin hasten zara». Haren ustez, pintura mentala da, eta fisikoa ere bai, baina sentimenduekin zerikusi gutxi dauka, edo beste modu bateko harremana dauka: «Ez da ezer psikologikoa. Ez da triste edo alai zaudelako. Jende askok dauka topiko hori buruan. Triste zaudelako ilun pintatzen duzula uste dute. Baina ez du zerikusirik».
Paisaia abstraktuak
Koloreekin esperimentatzea du gokoko Goenagak: «Probak egiten dituzu. Zein kolorekin margotu dezakezu zerua? Mila modu daude. Ez du zertan urdina izan behar». Paisaiak berak ere mentalak direla dio: «Ez dizut esango non dauden margolan hauetako paisaiak. Gero hara joan, eta ez dutelako zerikusirik. Abstraktuak dira».
Gehienetan kanpoan margotu ohi du Goenagak: «Argi naturala niretzat premiazkoa da kuadro bat egiteko. Kasu batzuetan egiten ari naizen pinturaren tokian margotzen dut, baina gehienetan etxean egiten dut lan. Maiz, kuadro bat amaitu dudala uste dudanean berriz hartzen dut eta geruza bat edo gehiago gehitzen dizkiot».
Naturak erakartzen du bere arreta. Etengabe naturari begira ari dela aitortu du artista donostiarrak: «Zuhaitz baten forma, figura baten mugimendua… Margolari bezala horretan ematen dituzu eguneko 24 orduak». Pertsonak ere agertzen dira margolanetan: «Aitzakia dira kuadroan sartzeko. Kolorea eta figurak sartzeko». Erretratuak egitea ere gustuko du, baina etxean gordetzen ditu. Etxean beti ari naiz aldamenean ditudanak erretratatzen. Semeak, txakurra… Karpeta mordoa ditut gordeta, marrazkiz beteta».
Txikitatik hasi zen margotzen:«Lehen olioa 6 urterekin egin nuen», ekarri du gogora. San Telmo Museora joan ohi zen artelanak ikustera: «Erakusketa oso onak zeuden. Paisajista oso onak». Eta harrez gero, margotu eta margotu aritu da: «Gorputzak eskatzen dit margotzea. Beti ari naiz margotzen. Estudioan, kalean eta buruarekin ere bai».
Klimarengatik margolan asko tailerrean bukatu behar izan dituela adierazi du: «Kanpoan hasten naiz askotan, eta barruan bukatzen ditut. Momentuan bertan ere ez dituzu bukatu behar. Olioak kapaz osatuta daude. Espontaneotasun., baina ez hainbeste. Pintura bakoitzak konponbide bat behar du. Batzutan asmatu egiten duzu, bestetan ez».
1972an Euskal Pinturaren lehen saria eskuratu zuen San Telmo Museoan: «Segurtasuna eman zidan. Halere, oso argi izan nuen hasieratik margolari izan nahi nuela. Ez dut inoiz zalantza izpirik izan».
Artista zaharrei begira
Europan zehar bidaiatzean ere beste pinturak ikusteko aukera izan zuen: «Margolari batek beste kuadroak ikusi behar ditu. Idazle batek irakurri egin behar du; eta margolari batek, ikusi».
Artista zaharrak nahiago dituela aitortu du Goenagak. Txikitatik horiek gustatu zaizkiola dio: «Artista zaharrak, edadetuak. Ez dakit musikan gauza bera gertatzen den, baina pinturan, margolarien azken lanak onenak dira. Ez dakit esperientzia izango ote den. Picassok 80 urterekin egin zituen azken kuadroak, onenak. Eta Goyak, eta Van Goghek, eta Rembrandtek… Beti edadeko jendea gustatu zait, baina nire izateko eragatik ere, ni gazte zaharra izan bainaiz. Orain, berriz, zahar gaztea».