Alderdi Ederreko terraza zapatez bete dute (Argazkia: Mikel Goñi)
Olatu Talka jaialdiak eragindako zalapartarik gabe, hermetismo zorrotzez, Donostia 2016an Europako Kulturaren Hiriburua bilakatzeko lanean ari den bulegoak dena prest zuen, azken hitza emango duen epaimahaiari harrera egiteko. Marisol Garmendia hautagaitzako zinegotziak aitortu bezala, eguraldi kaxkarra zen beldurrik handiena eta hodeiek ez dute gupidarik izan.
Zaragozatik autoz zetozen lau epamaihaikideek –Manfred Gaulhofer, Jordi Pascual Ruiz, Emilio Cassinello eta Danuta Glondy– ez dute aterkia etxean ahaztu, gogotik egin baitzuen euritan. Horrek, hala ere, lau lagunak ez dituela kikildu adierazi du Garmendiak. «Iritsi bezain laster eguraldiarekin ez kezkatzeko eta lasai egoteko esan ziguten, Donostia euriarekin lotzen baitute».
Bilera ugari
Sirimiriarekin itotzeko astirik ez dute izan, ordea; bileraz bilera ibili baitira. Hautagaitzako zinegotziak zein txokotatik ibili diren azaldu nahi izan ez duen arren, bilera ugari egin dituztela eta eragile askoren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dutela azaldu zuen. «Herritarrak entzutera» etorri direla dio. Entzun bakarrik ez, beren zalantza eta kezkak argitzera hurbildu direla gaineratu du, «galdetu eta galdetu ari baitira».
Zinegotziak azaldu duenez, herritarrek sortu dute hautagaitza, eta, azken batean, epaimahaiak haien lana eta testigantza jasotzea da helburua. Bilera horietan, enpresariek, unibertsitateko ordezkariek, finantza arloko herritarrek, artistek, kirolariek, arlo sozialeko kideek edota euskararen alde lanean ari diren herritarrek parte hartu dutela adierazi du.
Ahoz ez bada ere, herritarren energia irudikatzeko beste hainbat ekimen izan dira egunean zehar. Gondoling taldekoak, esaterako, kai inguruan batera eta bestera ibili dira herritar energiak eta itsasoak eragindako olatuekin jolasean.
Bi mila zapata
Ordezkari horiez guztiez gain, hautagaitza beste herritar askok osatzen dutela erantsi du Garmendiak. Denen artean, Donostia 2016an Europako Kulturaren Hiriburua bilakatzeko pausoz pauso egindako bidea irudikatzeko, Alderdi Ederreko terrazan bi mila zapata inguru zabaldu dituzte.
Epaimahaiak Donostiara heldu bezain laster ikusi duen irudia izan da. Zapatak, gainera, epaimahaiaren aurrean Madrilen egin zen lehenengo aurkezpena gogora ekartzeko keinua zirela jakinarazi du Garmendiak.
Zapatak txikitu arte ibiliko dira, hain justu, egunotan epaimahaiko kideak finalera iritsi diren sei hirietatik erakargarriena jasotzen. Burgosen egongo dira bihar eta Kanaria Haundiko Las Palmas hirian bukatuko dute itzulia. 2016an kulturaren erdigune zein bilakatu den jakiteko prozesua, ordea, ez da irabazlea ezagutzera emango duten eguna arte, hots, ekainaren 28a arte, amaituko.