Arazo bat aztertu eta irtenbidea aurkitu. Hori da Elhuyar Fundazioak antolatzen duen Teknoskopioa lehiaketaren xedea. Aurtengo sarituen artean Altzako La Anunciata ikastetxeko bi talde daude.
La Anunciatako ikasle sarituak eta irakasleak (Argazkia: Teknopolis)
La Anunciata ikastetxeko lau ikasle saritu ditu Elhuyar Fundazioak
Teknoskopioa lehiaketaren irabazle izendatuta. Fundazioak orain bost urte abian jarri zuen
Teknoskopioa. Ideia lehiaketa izatetik, aurten, ikerketa proiektu eta proiektu teknologikoen lehiaketa izatera pasatu da. Hala ere, helburu bera mantendu du: DBHko bigarren zikloko, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak ikerketaren munduan murgiltzea. Horretarako, arazo bat aukeratu, eta konponbidea aurkitu beharko diote. Aurtengo partaideen artean La Anunciata ikastetxeko bi bikote saritu dituzte: Victor Selegantek eta Ivan Matallanesek proiektu onenaren saria jaso dute, eta Olatz eta Leire Iparragirrek komunikazio onenarena. Bi urtez luzatu den eskola ariketari aintzatespena dira.
Izan ere, proiektuok ez ziren lehiaketarako espreski sortu; Juan Carlos Lizarazu biologia irakaslearen eskatutako ariketak dira. Horietatik, lau aurkeztu zituen lehiaketara, hiru Batxilergoko ikasleenak eta bat DBHkoena. “Onenak eta euskarara ondo itzultzeko gai izango zirenak aukeratu nituen, irakasgai gaztelaniaz baita”, argitu du irakasleak. Lautik bi ez da marka makala. Lehiakideen lanak nolakoak ziren ez zekiten arren, irabazteko itxaropena bazuten. “Teoria eta praktika aldetik lan dezente egin dute, ordu pila sartu dituzte teorian eta praktikan, beraz, pozgarria da bai beraientzat bai guretzat ere. Egindako lana aitortu dute, zerbaitetarako balio duela”, onartu du Lizarazuk.
Ikasleek irakaslearekin adostu zuten proiektuetako aztergaia, eta aholkuetarako beti ondoan izan badute ere, metodologia eta lanen aurkezpena beraien kabuz erabaki zuten. Selegantek eta Matallanesek aldaketa klimatikoa ikertu dute. “Gaurkotasunezko gaia da eta gizartean ez gaude oso kontzientziatuta. Horregatik aukeratu genuen”, azaldu du Matallanesek.
Lanaren bidez aldaketa klimatikoaren eraginak murrizteko hainbat irizpide proposatzen dituzte. Neurri orokorrez gain, norbanakoek egunerokoan ere egin ditzaketenak zerrendatuz. Horiek jarraitzen lehenak bi egileak dira. ” Aurretik ere egiten genituen, baina lan honen ondoren, are gehiago”. Horiek barneratzeko bidea praktikoa izan zedin, bideo-joko bat prestatu dute. “Beraien ideia izan zen. Nik erabiltzaile ezagutza dut, beraz, beren kabuz egin dute dena”, argitu du Lizarazuk. Matallanesek Informatika ikasteko asmoa du, eta programazio kontuetan moldatzen da. Hala ere, zati zailena jokoa egituratzea izan dela aitortu du. Sari gisa jasotako netbooka eta Tecnalia korporazioan egonaldia, beraz, erabilgarri izango zaizkio. “Pozik gaude egindako lanarekin, eta are gehiago irabaztearekin. Lan asko zeuden, kalitate onekoak eta itxaropena izan arren ez genuen espero”.
Airearen osagaiak
Olatz eta Leire Iparragirre ahizpek ez dute bideo-jokorik egin, baina lagin mordoa behatu eta aztertu dute. Pasaiako portuaren parean bizi dira, eta bertako aireak zer duen eta kutsadura neurriak aztertzea gai aproposa zela bururatu zitzaien. “Ez genekien zer aurkituko genuen, eta ez genuen espero meteorologiak eragin handia izatea”, zehaztu du Olatz Iparragirrek. Laginak bildu eta aztertzea izan da bi ahizpentzat egiteko luzeena. Izan ere, asteetan zehar hainbat txokotatik bildu zituzten. “Praktikak lan asko eman, eta denbora asko hartu digu”. Hala ere, honek zientziarekiko zaletasuna areagotu baino ez du egin. Leire Iparragirrek biologia ikasketekin jarraitzeko asmoa du, eta ahizpak beste bide bati ekingo badio ere, ikerketa lanetan jarraitu nahiko luke. “Gogorra izan arren, gustuko lana izan baita”.