Airetik gauzak argi ikusten dira
Vasco de Camping Elkarteak Donostiako arroak 1 erakusketa ikusgai izango du ekainaren 20a arte bere egoitzan; airetik ateratako argazki bildumak Donostiako hirigintzaren azkeneko bost hamarkadetako bilakaera erakusten du.
Ezaguna da mendizale gehienek ingurunearekiko duten errespetua. Gehienetan ezagutzatik eratorritakoa da begirunea, eta horregatik ez da arraroa Vasco de Camping Elkarteak –CVC–bere egoitzan izatea Donostiako Arroak 1 erakusketa. Ekainaren erdialdea arte ikusi ahal izango da azkeneko 6 hamarkadetan hiriak izan duen bilakaera erakusten duen aire argazki bilduma.
Marko Sierrak CVC eta Haritzalde elkarteen babespean osatu du Donostiako arroak 1 izeneko erakusketa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxibategietatik ateratako argazki “ofizialak” erabili ditu Sierrak, 1954tik gure garaietarako denbora bidaia egiteko balioko duten panelak osatzeko. Gordailutik fotografiak berreskuratu, ordenatu eta Donostiaren mugak argi erakusten dituen moduan atondu ditu Sierrak. Egilea Udalaren Planeamenduaren Kontseiluko kidea da, eta ingeniaria ere badenez, lan honetarako baliabideak eta ezagutza badauka.
Argazki ofizialak izateak badu bere balioa. “Modu honetan iturria eta informazioa ez da zalantzan jarriko”, nabarmendu du Sierrak. Izan ere, Iparragirre kaleko CVCren egoitzan ikusgai dauden panelek bilakaera argia eta, Haritzalderen ustez, salagarria ere erakusten baitute. “1954an Altzan ia eraikinik ez zegoen, eta Antiguako padurak ere ikusten ziren”.
Donostiako arroak 1-ek grafikoki erakusten du udalerriaren landa tarteetara hiriaren zabaltzeko joera. Prozesu hori are nabarmenagoa izan da azken 20 urteetan, eta horrek “batez ere naturaren kalterako” izan dela dio Sierrak.
Aire argazki bildumaren osagarri gisa jarri dituzte beste hainbat mapa eta irakurgai. Hain zuzen ere, hirigintzaren “erasoa” nabarmen jasan duen Altzaren inguruko informazioa ematen dute hainbat liburuk. Altzako Historia Mintegiaren hainbat lanekin batera, Donostiako, eta inguruko herrietako, topografia jasotzen duten planoak daude.
Sorta baten lehena
Erakusketak 1 zenbakia barneratzen du bere izenean; izan ere, Sierrak aurreratu duenez, beste bost erakusketa gehiago baitarabiltzate eskuartean. Hurrengoa Gorga bailararen ingurukoa izango da; hau da, Ondarreta aldera urak isurtzen zituen ibaiari buruzkoa.
Ekainaren 20aren inguruan kenduko dute erakusketa
CVCren egoitzatik. Baina, Sierrak azaldu duenez, berak orain arte egindako lana edozeinentzat, Interneten, eskuragarri jartzeko bideak aztertzen ari dira. Bien bitartean, Iparragirre kalearen 8an, ikusi ahal izango da hiriaren hirigintza historia, airetik, erakusten duen bilduma, 18:00etatik 20:30era, astelehenetik ostiralera.