Aste Berdea ospatzeko, hamaika ekitaldi
Igandean ospatuko da Ingurumenaren Nazioarteko Eguna eta Cristina Enea Fundazioak igandera bitarteko egunak berdez margotu nahi ditu egutegian. Hala, egunez egun hainbat ekitaldi antolatuko dituzte ekainaren 5a bitarteko Aste Berdean.
Bihar Egiako parkea xehetasun osoz ezagutzeko aukera eskainiko dute. Egunetik egunera aldatzen ari den parkea denez, bertan egiten ari diren txukuntze lanen berri ematearekin batera, parkearen aberastasunaz gozatzeko aukera izango dute bihar, 18:00etatik aurrera, bisitaldian parte hartzen dutenek. Bisitak ordubeteko iraupena izango du, eta izena emateko 943-453526 telefonora deitu behar da.
Etzi, Donostiaren ingurumen egoera nolakoa den jakitera ematen duen 2010 urteko txostena aurkeztuko dute.
Larunbat arratsaldean, berriz, Patata Tropikala taldeak Mendiko altxorra izeneko antzezlana eskainiko dute parkean, 17:00etan. Haurrek mendiko altxorra babesteko, metalezko gizakien kontra borrokatu beharko dute.
Sari banaketa
Igandea ingurumenaren egun handia izango da, baita III. Ingurumen Ipuin Lehiaketan saria eskuratuko duten lau lagunentzat ere. 200 ipuin baino gehiago jaso dituzte eta 11:00etan hasiko den ekitaldian jakinaraziko dituzte nortzuk diren lau kategorietako irabazleak. Parte hartu edo saririk jaso ez dutenentzat ekitaldi interesgarria izango dela ziurtatu dute Cristina Eneako arduradunek, ipuin irabazleak entzuteko aukera egongo delako.
Jarduera horiez gain, Cristina Enea Fundazioaren egoitzan hiru erakusketa bisita daitezke. Hiriko hainbat dendetako erakusleihoak ere, bizikleta gai hartuta, apaindurik daude eta politenaren alde bozkatzeko aukera egongo da igandea bitartean.