Epaileen erruz titulurik gabe geratu izanaren pena du Realak
Ligako finaleko azken partidan, penalti eztabaidagarri batek txapeldunorde utzi du talde txuri-urdina.
Donostiako Atletikok Ohorezko Mailara itzultzea lortu du: Aspaldiko urteetan Ohorezko Mailan finkatua zegoen Donostiako Atletikoren gizonezkoen taldea. Iaz, ordea, maila galdu zuen eta Ohorezko B Mailara jaitsi zen. Egindako lan bikainari esker, berriro maila gorenera igotzea lortu du, Bartzelonarekin batera.
Denboraldiaren balantzea egiteko eskatzerakoan, ez dauka zalantzarik Maite Jaunarenak (Ategorrieta, 1978) : «Egia esan, hamarrekoa jarriko nioke taldeari. Baina aurreko igandean gertatutakoak dena pikutara bota zigun!». Horrela laburbildu du bi hitzetan aurtengo Ohorezko Mailako Liga, Realeko belar hockey taldeko kapitainak. Izan ere, ibilbide paregabea egin ostean, aurreko igandean epaileen hankasartzeek titulurik gabe utzi zuten.
Liga sei taldeko bi multzotan banatua zegoen. Lehen itzulian euren multzoko lehen hiru sailkatuen artean sailkatu zen Reala. Gero, multzo bakoitzeko lehen hiru talde onenak lehiatu ziren eta play offerako sailkatzea lortu zuten txuri-urdinek. «Play offerako sailkatzea lortu genuenean, lasaitu egin ginen. Baina helburua lortua zegoenez, normala zen», onartu du Jaunarenak. Ondoren, finalerdietako partidetan, sufritu zuten arren, «nahiko eroso» aritu ziren, eta, finalerako sailkatu ziren. «Aurten iaz baino askoz prestatuagoak joan gara finalera, bai joko aldetik, bai fisikoki eta bai psikologikoki. Gainera, aurten ez dugu zelaiaren arazoa izan eta Bera Beran jokatu ditugu etxeko partidak».
Club de Campo izan da Realaren aurkaria finalean jokatutako hiru partidatan. Izan ere, Ligako txapelduna izateko, bi partida irabazi behar dira. Realak lehena irabazi zuen eta Club de Campok bigarrena, beraz, hirugarren partida bat jokatu behar izan zuten, aurreko igandean. Partidaren berezko denbora, 1-1eko markagailuarekin bukatu zen, beraz, luzapena jokatu zuten. Bertan, lehen gola sartzen zuena izango zelarik irabazlea.
Penaltia eta gola
Luzapenean iritsi zen arazoa. Penalti bat ikusi baitzuen epaileak eta, botatako jaurtiketa gola zela erabaki ostean, Club de Campo izendatu zen txapelduna. Jaunarenak, ordea, bere hitzetan kontatu dio Irutxuloko Hitzari bertan gertatutakoa. «Futbolarekin alderatu dezakegu. Pentsa dezagun talde bateko defentsa eta besteko aurrelaria baloiarekin areara doazela eta, defentsak ez duela aurrelaria ukitzen. Hala ere, epaileak penaltia ikusten du». Hortik aurrera gertatutakoa ere, ez du normaltzat jotzen Jaunarenak. «Penaltian, gola izateko, makilaren behealdean eman behar du pilotak, bestela falta da. Pilota hark atearen sarean eman zuen, hau da, behetik gorako bidea egin zuen, eta ez zuen gutako inork ukitu. Beraz, hori ez da sekula gola, futbolean baloia atean eskuarekin sartzea bezala da».
Epaileak zalantzaren bat izan balu, bazuen bere akatsa zuzentzeko denbora. Izan ere, denbora geratu eta beste epailearekin eztabaidatzeko aukera baitzuen. «Beste epailea beregana korrika joan zen, baina berarekin hitz egin gabe, gola ontzat eman zuen. Lotsagarria, letra larriz».
Gauzak hala, momentuan Club de Campoko entrenatzaileak ere golik ez zela egon onartu zuela dio Jaunarenak. «Harrituta geratu zen eta aulkian zeudenei azkar ospatzera joateko esan zien. Azken finean, epaileen erabakien aurka ezin duzu ezer ere egin». Edonola ere, konponbidea argi ikusten du; emakumeen partidak ere gizonek epaitzea. «Emakumeek ez badute epaitzeko mailarik, gizonek egin beharko dute lan hori».
Epaileek ez, baina realzaleek ongi eman zuten maila. Club de Campoko jokalariak profesionalak eta atzerritarrak direnez, taldeak ez du jarraitzaile askorik. Reala aldiz, etxeko jokalariek osatzen dute batik bat eta zale asko joan ziren Madrileko finala zuzenean jarraitzera. Autobus itzulerari dagokionean, «lur jota» zeudela onartu du Jaunarenak. «Ez dut sekula halakorik bizi izan, amesgaizto bat zirudien, baina ez ginen esnatzen». Jokin Aperribai Realeko presidentea herenegun Espainiako Federazioko presidentearekin bildu zen. Oraindik ere, ordea, ez dakite zer esan zion. «Ez dut uste bertan behera utziko dutenik, baina hala beharko luke». Edonola ere, ahalik eta jende gehienek gertatutakoaren berri izatea nahi dute.
Harro egoteko moduan
Pasatakoa pasata, denboraldi borobila osatu du Realak, Ligatik kanpo ere. Gabonetako lagunarteko txapelketan, esaterako, txapeldunordeak izan ziren. Bestetik, Kopan ere txapeldunordeak izan ziren. «Finala 3-1eko markagailuarekin bukatu zen, baina momentu batean gure alde jartzekotan egon zen». Hori gutxi balitz, Europa Leaguerako sailkatzea lortu du, bederatzi urte eta gero. «Ez genuen espero eta sekulako albiste ona izan zen. Uste dut Aste Santuan jokatuko dela lehen kanporaketa».
Orain, astebeteko atsedena hartuko dute, baina segituan ekingo diote berriro lanari.