Ihartutako lorategia pizteko ideiak
Utzitako auzuneak eraberritzeko bigarren ideia lehiaketa abian jarri du Arkitektura Goi Eskola Teknikoak, eta bederatzi egitasmo aurkeztu dituzte.
Utzitako eremuak txukunduta eta landare ederrez apainduta beharko luke lorategi izateko. Jendearen joan-etorria etengabea eta autoen burrunba isila, hiri izateko. Hiri batek behar dituen tren eta bide azpiegiturez ondo hornituta badago ere, bertan bizi eta bertatik egunero igaro litezkeen oinezkoentzat lubaki dira. Eraikuntza enpresek urtez urte pilatutako zabor eta hondakinek ere Loiolako Lorategi Hiria –Ciudad Jardin– auzunea zimeldu dute.
Komunikazioa indartzea, hirugarren deialdirako erronka: Arkitektura Eskolako arduradunek urtero errepikatu nahi duten ekimena da utzitako eremuak berpizteko antolatzen den ideia lehiaketa. Hirugarren deialdirako eremua erabaki aurretik, baina, atseden hartzeko astia hartu nahi dute antolatzaileek. Hala ere, datorrenerako zer hobetu argi dute Claudia Pennese eta Olatz Grijalbak. Komunikazioa indartzea beharrezko deritze, teknikariak diren lehiakideak eta bizilagunak elkar ulertzea kosta egiten delako. «Bizilagunak bere etxe, auto eta inguru txikitik atera eta ikuspegi orokorrago bat egiteko zabaldu behar ditu begiak. Teknikariek, berriz, lengoaia aldatu edo aurkezten dituzten panelak ulergarriak egin behar dituzte», dio Grijalbak.
Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, ordea, ihartutako lorategia berreskuratzeko aukera eta modua badagoela erakutsi dute antolatu berri duten ideia lehiaketan. Bigarren aldia da Arkitektura Eskolak ikasle eta lizentziatu berri direnentzat halako lehiaketa bat antolatzen dutela, eta azken honetan ere gazteen lanerako gogoa handia izan da. Bederatzi ideia aurkeztu dituzte, denera; eta ekainaren 8an jakinaraziko dute proiektu irabazlearen izena.
Partaideek egindako lana, ordea, ez da datorren astetik aurrera tiraderan geratuko.
Proiektu bakoitzak jasotzen dituen estrategia nagusiekin txosten bat osatuko dute eta udaletxera bidaliko dute. Olatz Grijalba Arkitektura Eskolako irakasle eta lehiaketako antolatzaileak azaldu bezala, Donostiako Udalak ez du Lorategi Hiria berehalakoan eraberritzeko asmoa. «Egiten dutenerako, aldiz, lan hau izango dute oinarri».
Iaz ekin zioten utzitako auzunean eraberritzeko ideia lehiaketari eta Herrera biziberritzea izan zuten arkitekto gazteek helburu. Herripe auzo elkartearekin aritu ziren elkarlanean, eta datorren asteazkenean aurkeztutako proiektu eta ideiak jasotzen dituen argitalpena eskuratuko dute.
Hartu-eman sendoagoa
Urte batetik bestera, alajaina, aldaketak izan dira. Olatz Grijalba eta Claudia Pennese irakasle eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, «bizilagunen eta proiektu egileen arteko hartu-emana sendoagoa izan da». Auzotarren arazo eta beharrak zeintzuk diren ondo ezagutzeko tailerrak antolatu zituzten. Bizilagun eta lehiakideen arteko topaketa horietan Plan Orokorreko bulegoko Mikel Iriondo izan zuten lagun.
Tailer horietan, hala nola, Lorategi Hirian etxe altuak egiteko beldurra adierazi zuten bizilagunek. «Ez zuten beste Loiolako Erriberaren antzeko auzunea bilakatzea nahi», dio Grijalbak. Hala, maketa txikiak eratu zituzten, zer nolako dentsitatea nahi zuten erabakitzeko. Azkenean, erdibideko aukeraren alde egin zen. Pennesek argi dio, lehiakideek ezin zutela bizilagunek eskatzen zuten horretara mugatu,
Plan Orokorrak finkatutakoa errespetatu behar baitzuten lehiakideek. «Ezin zuten zerbait utopikoa sortu». Oreka hori bilatze aldera, Mikel Iriondoren aholkuak lagungarri izan zirela azpimarratu du.
Zein da egoera?
Plan Orokorrak egungo etxeak errespetatzearen aldeko hautua egiten du eta lehiaketan ere hala ezarri zuten baldintza gisa. Egungo etxeak mantenduko direnez, horiek jango ez dituen eraikinak altxa beharko liratekeela aditzera eman du Grijalbak. «Egungoaren kopia egiteak ere ez du zentzurik», erantsi du.
Lehiaketako oinarrietako bat ez zen arren, egindako bisita eta bileretatik argi geratu zen Hiri Lorategian loturak hobetzea premiazkoa dela. Antolatzaileek azaldutaroaren arabera, auzunea eta Loiolaren artean, Topoa da mugarrietako bat. EuskoTreneko trenbidea bikoizteko egiten ari diren lanak bukatzen dituenean, hesi hori apurtuko dela aurreratu dute.
Ardatza
Loiolako Erriberara jo nahi izanez gero, aldiz, bide azpiegiturek bi eremuen arteko aldea handitzen dute. Hori dela eta, bertatik inor ez doala azaldu dute. Arkitekto gazteek egoera horrekin amaitzeko irtenbidea topatu dute, ordea. Kultur etxetik diagonalean Loiolako Erriberara iristen den ardatza dago eta gehienek hori jaso dute etorkizuneko auzunea egituratzeko bide.
Auzunean, oro har, bestela, utzikeria nagusi dela aitortu dute. «Bizilagunek euren etxe ingurua zaindu dute, gainontzeko guztia, ordea, hankaz gora dago», esan du Grijalbak. Auzuneko beharrak agerian uzteko prozesuan, halaber, ibaiari bizkar ez ematea izan zen azaleratutako irizpideetako bat. Pasealeku polita egin dute, baina auzunetik bereizita dagoela adierazi dute.
Baratzak
Aurkeztutako bederatzi proiektuek, bestalde, bizilagunentzat plaza eta eremu publikoak sortu dituzte. Kirola egiteko guneak ere jaso dituztela gaineratu du Pennesek. Irakaslearentzat harrigarria da baratzek aurkeztu diren egitasmoetan izan duten arrakasta. «Proposamen batzuetan baratz gehiegi dago», Penneseren iritziz. Bizilagun batzuei ere gehiegizko iruditu zaiela erantsi du, «parkeak beharrean baratzak zergatik jarri dituzten galdetzen zuten».
Baratzak ala parkeak, ideia hauek guztiek helburu nagusi bat dute oinarrian: auzo nortasuna indartzea. Bizilagunek, era berean, Loiolan taberna eta dendak ixten ari direla, eta Lorategi Hiriak inguru osoa indarberritu beharko lukeela zioten. Herritarrak erakartze aldera, auzotarrentzat ez ezik, donostiar guztientzat ere baliagarri izan zitekeen ekipamendua jar zitekeela proposatu zuten.
Atxiki baserriko ingurua indartzea ere beharrezko jo zuten, «leku kuttunenetako bat delako denentzat», dio Olatz Grijalba Arkitektura Eskolako irakasleak.
Lana beste era batean egin
Lehiaketak Lorategi Hiriaren diagnosi zabala egiteko balio izan badu ere, etorkizuneko arkitektoentzat ere funtsezko ikasgaia dela uste dute antolatzaileek, orain arte oso ohikoa ez den beste era batean lan egiteko pausak ematen dituztelako. Garaiak aldatu direla zalantzarik ez du Pennesek. Lehen, estudioan proiektu ponpoxoa bat egin eta nahikoa zen. Orain kalera atera eta beharrak hurbiletik ezagutzea beharrezkoa dela uste du.