Izua ez zabaltzeko eskatu dio Bilduk PSEri
Bilduk udal gobernua osatzeko, Donostiako Udalean ordezkaritza izango duten alderdien arteko bilerei ekin die. Zazpi zinegotzi lortu dituen PSE-EErekin egin zuten atzo bilera. Bilduko ordezkarien artean, Juan Karlos Izagirre, Jon Albizu, Ricardo Burutaran eta Nora Galparsorok parte hartu zuten. PSE-EE alderditik, berriz, Ernesto Gasco, Susana Garcia Chueca, Enrique Ramos eta Marisol Garmendiak.
Bilduko alkategai Juan Karlos Izagirrek adierazi zuenez, udal hauteskundeetako emaitzak nolakoak izan diren eta batak eta besteak zein interpretazio egiten duen ikusteko balio izan zuen.
Bi alderdiek, era berean, euren programen ardatz nagusiak mahai gainean jarri zituzten eta adostasun nahiz desadostasunak agerian jarri dituztela azaldu zuen Izagirrek. Ernesto Gasco PSE-EEko alkategaiak, bestetik, gai nagusietan «bat ez» dutela egiten nabarmendu zuen, eta EAJri ireki zizkion ateak Donostiarentzat propagrama paretsuagoa dutelako.
Bilduko alkategaiak, era berean, herritarren artean izua eta egonezina ez zabaltzeko eskatu zien PSE-EEko ordezkariei. Izagirrek adierazi zuenez, «normaltasun osoz ikusi beharko lukete hirian egin den transizioa». Hori dela eta, «herritarrek adierazi duten aldaketarako borondatea errespetatzea» eskatu zuen Bilduko zerrendaburuak. Garai politiko berria ez oztopatzeko deia egin zien sozialistei, halaber, eta, Donostiako Udaletik ere, egoera politikoa normalizatzeko, guztion konpromisoak beharrezkoak direla adierazi zuen.
Arrazoi horiek direla medio, datozen lau urteetako alkatea Bildukoa izan beharko lukeela ulertzen dute koalizioko ordezkariek. PSE-EEko kideak, aitzitik, ez dira iritzi berekoak, eta Bilduk hiria gidatzeko duen aukerarekin kezkaturik daude, gainontzeko alderdiekin akordiorik lortzeko gai izango ez den «udal gobernu ahula» eratuko luketelako.
Azken batean, Bilduk eta PSE-EEk hiriaren etorkizunaz duten ikuspegia bata bestearekin antzekotasunik ez duela jakinarazi zuen. «Donostiarentzat funtsezko iruditzen zaizkigun gaiak Bilduk ukatu» egiten dituela nabarmendu zuen Ernesto Gascok. EAJrekin bat egin ahal izatea, aldiz, errazagoa izan daitekeela uste du Odon Elorzaren lekua bete duen PSE-EEko hautagaiak.
Gasco alkate izatea nahi dute
PSE-EEk, beraz, ez du EAJrekin batera gobernatzeko aukera baztertzen. Era horretan, sozialistak hirian bigarren indarra izan direnez, alkatetza haiei dagokiela zehaztu zuen Ernesto Gascok. Diputazioa, berriz, EAJko Markel Olanok gidatu beharko lukeela uste dute eta ez PSE-EEko Miguel Buenek.