Bizimodua aldatzeko gogoak bultzatu zuen uliatarra lana utzi, eta Pelucanina zakurrentzako ile apaindegia sortzera.
(Argazkia: Maitane Aldanondo)
Ilea zuritzeko, disdiratsu uzteko eta korapiloak askatzeko xanpuak, hildako ileak kentzeko orraziak, bainu goxoak emateko bainuontzia… zakurrentzako spa dirudi Carlota Alfaroren furgonetak (Ulia, 1979). Zakurrak garbitu, zaindu eta apaintzeko guztia du metro koadro gutxitan. Eta bezeroaren etxeko atariraino doa, gainera.
Krisiak animatu omen zintuen Pelucaninarekin hastera…
Ekonomikoaz gain, krisi existentziala ere banuen. Ingurumen teknikaria nintzen, eta bulego batean lan egiteaz oso nekatuta nengoen. Ikasketak egitean argi nuen ez nuela bulego batean lan egin nahi, animaliekin baizik. Asmo horretatik gero eta urrunago nengoela ikusita, nola bideratu pentsatzen hasi nintzen. Ideia interesgarriak zeuden, baina inbertsio handia eskatzen zuten; Interneten furgonetarena topatu nuen arte. Lana utzi, eta honi ekin nion.
Zakurrekin eskarmenturik ba al zenuen?
Ez. Negozioa prestatzen nuen bitartean, zakurren heziketari buruzko ikastaroa eta ile apaintzeari buruzkoa egin nituen; baita praktikak ere.
Noiz ekin zenion lanari?
Urtebete neraman ideiarekin. Furgonetarekin irailean hasteko asmoa nuen, baina gora-behera batzuen ondorioz, otsailean hasi nintzen.
Furgoneta diozu, baina, berez, anbulantzia zen…
Bartzelonan eta Madrilen horrelakoetarako furgonetak prestatzen dituzten enpresak begiratzen aritu nintzen, ezagun batek anbulantziekin saiatzeko esan zidan arte. Egokitutako anbulantzia da, eta egin beharrekoaren erdia egina zuen: tiraderak, instalazio elektrikoa, argiak… Bainuontzia eta ur instalazioa bakarrik falta zitzaizkion.
Gidatzeko moldatzen zara?
Ero-eroan hasi nintzen, eta lehen egunetan aparkatzeko hala-hola ibili nintzen, baina dirudiena baino errazago da.
Antzeko besterik ba al da?
Bartzelonan bada kate bat, eta frankizia bezala hastea pentsatu nuen; baina baldintzak oso txarrak ziren. Iruñean eta Bilbon badira horrelakoak, baina hiriko lehena eta bakarra naiz.
Lanean zu bakarrik ari al zara?
Bakarrik hasi naiz, baina zerbitzua kudeaketa integratu bezala sortu dut. Hau da, jendeak zakurrarekin duen edozein arazotarako erabili ahal izango du: garbitzeko, janaria erosteko, paseora ateratzeko, hezteko… Hezkuntza Etolcanineko kideek daramate.
Zerbitzua furgoneta barruan ematen duzu, bezeroaren etxe ondoan. Baimen berezirik behar al duzu?
Udalaren hainbat ataleko arduradunekin hitz egin nuen, baina zerbitzua oso berria denez, ez zekiten zer esan. Aurrera egiteko, eta denborarekin ikusiko dela.
Ondo moldatzen al zara hain leku txikian?
Ileapaindegi osoa furgoneta barruan dago, leku txikia da, eta ni oso handia… Lokalera ohituta, hasieran zaila zen, baina moldatzen ikasi dut. Zakur handiek prestutasunik ez dutenean, mugatuta sentitzen naiz. Orraztu eta mozteko buelta eman nahi ez badute, mahaia mugitu behar dut…
Zer da zailena?
Ohiko zakur ileapaindegi batekin alderatuta, leku aldatzea. Denbora asko galtzen dut joan-etorrian, horregatik garestigoa da. Ezin ditut bost edo sei artatu egunean, asko jota lau, gertu badaude. Zerbitzuak ileapaindegian baino denbora gehiago behar du, gutxienez, bi ordu zakur bakoitzeko. Ilea garbitu eta mozteaz gain, belarriak garbitu, azazkalak eta kuxinak mozten dizkiet… Xehetasun guztiei garrantzia ematen diet.
Zer da onena?
Lokalak lotu egiten zaitu, furgonetarekin nire burua eta denbora antola ditzaket. Gauzak nola egin erabakitzeko ardura izatea funtsezkoa zen niretzat.
Nola joan dira lehen hilabeteak?
Espero nuena baino hobe. Hastea zaila izaten da, zerbitzua ezagutarazi behar duzulako; baina, antza, behar handia zegoen.
Nortzuk dira zure bezeroak?
Bereziki, Erdialdetik urruti dauden auzuneei ematen diet zerbitzua: Aiete, Ulia, Igeldo, ospitalgunea… Oiartzun eta Lasarten ere lan asko egiten ari naiz. Lana dela-eta zakurra ile apaindegira eraman ezin duten pertsonak izan ohi dira. Batzuek ‘Ene! zenbat denbora generaman zure zain!’ diote.
Zeintzuk dira zakur batek behar dituen oinarrizko zaintzak?
Zaila da esaten, arrazaren arabera asko aldatzen baita. Jabeek ikusi behar dute, zakurra nolakoa den. Ilea asko hazten zaienek arreta gehiago behar dute, izan ere, libratzean asko zikintzen baitira. Hamabostean behin garbitu behar dira gutxienez eta bi egunean behin edo orraztu, korapilo asko egiten baitzaizkie. Ile motza dutenek, berriz, astean behin orraztearekin nahikoa da.
Batzuei ez al dizkiete apeta gehiegi ematen?
Denetarik dago, batzuk pasa egiten dira. Zakurrak haurrak bezala dira, uzten badiezu, tirano bat izango duzu etxean. Behar asko dituzte, nagusiki, mugak zehaztea. Gaizki hezitako zakurrak ditugu, hauei buruzko ezjakintasuna izugarria delako. Erosketa oso oldartsua izaten da, eta gauza asko ez dira kontuan hartzen. Txertoak, txipa, ezin dira balkoian utzi… Legedia ez da ezagutzen, ezta betearazten ere.
Zakur apaina izango duzu?
Ez. Nahi dut, baina egun guztia lanean ematen dudanez, ez dut zakurra izateko aukerarik.
HARREMANETARAKO