Bai Euskal Herriari: "Espainiar banderari azken gorazarrea egin nahi izan dio"
Odon Elorzak udaletxean toki nabarmenago batean jarri du Espainiako bandera. Erreakzioak ekarri ditu erabaki honek; Bai Euskal Herriari erakundearena, barne.
Hauxe da Bai Euskal Herriak kaleratutako agiria Espainiako banderaren aferaren inguruan:
«2008an gauez eta isilpean Espainiar bandera Donostiako Udalean jartzeko agindu izanak zalaparta ugari sortu izan du Donostian. Odon Elorzak berak hala aitortu zuen, gogoz kontra jartzera behartua izan zela, epaitegitik eratorririko agindua gogotxarrez bete zuela. Gaurkoan inoiz baino argiago geratu da, inolako agindurik gabe, iniziatiba politikoa hartuz, behin behineko alkate modura bada ere, Espainiar banderari azken gorazarrea egin nahi izan dio ekintza honen bidez. Donostiako kasua ez da bakarra, azken urteetan, Euskal Herrian indarrean dauden administrazioetan eta hauen bidez, hainbat pauso eman dituzte Euskal Herriaren nortasun eta identitatea ezabatu eta desitxuratu nahian. Hor kokatzen ditugu ETBren eguraldi mapen bidez errealitatea desitxuratzeko saiakerak, Espainiako kirol selekzioak Euskal Herrian jokatu dituzten kirol frogak eta nola ez euskal instituzioetan espainiar eta frantses ikurren inposaketak.
Nazio nortasunaren aferan pausoak emateko garaia da: Euskal Herriko nortasun ikurren defentsa eta aldarrikapena. Euskal nortasun ikurrak erabili ditzagun, ekitaldietan, jaietan, gure herria ordezkatzeko, munduaren aurrean agertzeko.
Inposaturiko ikurren aurrean tinko, desitxuraketa salatu. Espainiar eta frantses ikurrek ez dute lekurik Euskal Herrian.
Nazio gisa ikusi pentsatu eta jardun, bide seinaleak, mapal, mugarriak, irudiak, modu eta egitasmo ezberdinen bidez gure izatea aldarrikatu eta Euskal Herria eraiki behar dugu».