Bulebarrean aulkien zirkulua egingo dute arratsaldean
Aulkien zirkulua egingo dute gaur, Bulebarrean, bakearen alde. Pasa den maiatzean, ekimen “xume, herritar, zintzo eta anitz” horrek lau urte bete zituen. Izan ere, Bulebarrean esertzen hasi zen 2007an, herritar talde bat eta, orain, “bake eszenatoki batetik hurbilago gaude”, beraien ustez. Hilabetean bi ostegunetan, “isiltasunean eta aulkiz osaturiko zirkuluaren indarraren bitartez, gaur bizi dugun itxaropen une honi gure bultzada eman diogula pentsatu nahi dugu”. Beraien desioa, gatazkari elkarrizketa eta partehartzearen bidez amaiera ematea da, “behingoz bakean bizi gaitezen gure arteko desberdintasunak ikusiz eta onartuz”.
Gaurkoan ere, aurreko topaketetan bezala, Itziar Zamorak abestuko du. Arratsaldeko zortzietan elkartuko dira eta herritarrak bertara joateko gonbita zabaldu dute.