Laugarren aldiz patinatzaileek hartuko dute hiria, bai gurpil eta bai izotz gainean ere
Egitaraua
EKAINAK 4, LARUNBATA:
20:30. Patinaje ibilbidea, hirian barrena (ongi ibiltzen dakitenentzat).
23:00-03:00. Ice Disco jaialdia (nahi duten guztientzat).
EKAINAK 5, IGANDEA:
10:00-10:30. Izen ematea eta opari eta dortsalen banaketa.
10:30-11:00. Txokolate jatea.
11:00-12:00. Patinatzeko ordua, bakoitzak bere kasa.
11:00-11:45. Txikien ibilbidea.
11:00-13:00. Helduen ibilbidea.
11:45-13:00. Jokoak kalean, patinen gainean.
12:15-14:45. Eurored U-9 bigarren fasea.
13:30-15:30. Bazkaria.
15:30-17:30. Curlinga.
17:45-18:00. Patinaje artistiko erakustaldia
18:00-20:00. Izotz gaineko patinajea, bakoitza bere kasa, eta jokoak.
20:00-21:00. Patinajea izotz gainean.
IZEN EMATEAK: eltxuri@eltxuri.com.
Aldundiak antolatzen duen Gipuzkoako kirolaren ate irekien harira, hiriko kaleak hartuko dituen ekimen berezia egongo da, larunbat gauetik igandera. Izan ere, Txuri Urdin izotz jauregiak eta Donostirollerek egitarau zabala antolatu dute, laugarren urtez jarraian. Hala, bai gurpildun patinekin, bai izotz gainean ibiltzeko aukera paregabea izango dute inguruko patinatzaile guztiek. Ekimena egiten duten laugarren aldia den arren, badu berrikuntza nagusi bat; larunbat gaueko patinatze saioa. Horrek hurrengo eguneko jai egunari irekiera emango dioelarik. Zehazki, larunbatean bi ekintza egongo dira: gaueko patinatze saioa eta Ice Disco. Bai batean eta bai bestean parte hartzeko, bost euro ordaindu beharko dira, aurretik izena eman ezkero. Egunean bertan, berriz, 10 euro ordaindu beharko dira.
Gaueko patinatze saioa, patinetan ongi ibiltzen dakitenei zuzendua dago. Hala, partaide bakoitzak bere materiala eraman beharko du. Ibilbidea egiten duten heinean, geldialdiak egingo dituzte eta, horietan, bost trago (ura edo garagardoa) hartzeko aukera izango du partaide bakoitzak. Ibilbideak egingo dituen geldialdiak honakoak izango dira: Erdialdeko El Nido taberna, Elkano kaleko Meson Martin, Parte Zaharreko Quebec Cafe, Sagueseko Campero eta Amarako Via Fora. Ice Disco, berriz, Txuri Urdin izotz jauregian egingo dute. Izan ere, izotz pista dantzaleku erraldoia bihurtzeko asmoa baitute. Hori bai, gehienez 200 lagunentzako tokia egongo da. Izotz gaineran aritzeko, partaide bakoitzari patin batzuk utziko dizkiete. Gainera, bakoitzak trago bat hartzeko aukera ere izango du (garagardoa, ura edo freskagarria). Horretaz gain, denboraldi osoan izotz jauregian patinatzeko 2×1 txartel bat jasoko dute opari guztiek ere.
Igandean, egun osoko jaia
Patinatzea gogoko duten donostiar guztien elkargune bihurtu nahi dute igandea. Beraz, adin guztietako lagunak biltzea dute helburu. Ekitaldiak goizeko hamarretan hasiko dira, orduan egingo baitute dortsal banaketa. Gainera, dagoeneko antolatzaileek jakinarazi dutenez, gertuko eta ez hain gertuko hirietako patinatzaileak bertan izango dira: Errioxa, Biarritz, Bilbo, Gasteiz, Zaragoza, Iruña, Tarragona, Bartzelona… Txokolatea hartu ostean, patinatzeko ordua izango da eta bi ibilbide nagusi egingo dituzte: haurrena (3’2 kilometro) eta helduena (11 kilometro). Bi ibilbideak batera irtengo dira, izotz jauregi paretik. Ondoren, helduen ibilbideak bidegorrietatik jarraituko du: Amara, Morlans, Antiguo, Kontxako pasealekua, Erdialdea eta Amarara berriro. Gainera, egun osoan zehar, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, bai izotz jauregi barruan bai kanpoan ere. Hala, patinaje artistiko erakustaldiak ere egingo dituzte.
Ondoren, jokoak egingo dituzte eta eguerdian, bazkaria. Bazkarirako tokia aurretik hartu beharra dago. Horretarako, eltxuri@eltxuri.com e-postara idatzi edo izotz jauregiaren Facebook orrian sartu behar da eskaera. Bazkariarengatik zortzi euro ordaindu behar dira. Egunean bertan izena eman ezkero, ordea, 10 euro.