Donostiako campuseko hiru eraikinen ikuspegi orokorra (Argazkia: Deustuko Unibertsitatea)
Duela 56 urte sustraitu zen Deustuko Unibertsitatea Urumea bazterrean, eta harrezkero, mundu osoan zehar zabaldu ditu bere adarrak bertan ikasi duten milaka ikasleek lagunduta. Mende erdian gizartea eraldatu den moduan, hezkuntza premia berriak eratu dira eta horiei guztiei erantzungo dieten hiru eraikin inauguratu dituzte. Espainiako Arkitektura Saria duen Miguel Oriol arkitektuaren artelanaren aldamenean, XXI. mendeko campusa eraiki dute.
Iñigo Guibert de Encio eta Iñigo Arizpileta izan dira Oriolen lekukoa hartu dutenak. Diseinu abangoardista eta arkitektura bereziko eraikinek bat egin dute altxa berri duten eremu soil eta iraunkorrarekin. Energiari etekinik handiena bilatzea lehentasun nagusienetako bat izan dela azpimarratu du Iñigo Guibertek. Geotermiarekin, alajaina, energia beharren %80 beteko dute. Lur azpian geotermia jasotzeko 20 kilometro hodi daudela dio arkitektoak. Eraikin berrien teilatuetan, halaber, plakak jartzea aurreikusi dute; krisiak, ordea, asmo horiek atzeratu dituela azaldu du Guibertek.
Unibertsitateko errektorea, Jaime Oraa, oso pozik dago unibertsitateak duen itxurarekin. «Soila eta eraginkorra baita aldi berean», dio. Erakunde desberdinen laguntzaz bildutako 14 milioi euroko aurrekontuarekin, Deustuko Unibertsitateak Donostiako campusa indartu eta Gipuzkoako gizartea bultzatzeko ahalegin nabarmena egin dela zehaztu du errektoreak.
11.000 metro koadro
Duela bost urte Deustuko Unibertsitateak espazio handiagoa behar zuela kontatu du Guibertek, 200 ikasletik 1.800era igaro baitzen. «Boloniako beharrak asetzeko beharrezkoa zen campusa %40 haztea». Gakoa, berriz, lekua topatzea zen; eta azkenean, iparraldean zegoen eremua bota zuten. 11.000 metro koadroko azalera hobeto aprobetxatzen duten hiru eraikin altxa dituzte.
Horien azpian, gainera, 5.000 metro koadroko azalera baliatu dute 120 plazako aparkalekua egiteko, idazkaritza bulegoak zabaltzeko edota telebista plato bat egokitzeko.
Altuna eraikina
Boloniak, hain justu, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu berria nahiz Zuzendaritza eta Informatika Ingeniaritza arloan ikasketak sakontzeko graduak eratu ditu. Eskola horiek emateko sei solairuko ikasgelategia eraiki dute. Bederatzi gela ditu, denera, beharrezko teknologiarekin hornituta.
Hiru eraikinek hiru jesuita gipuzkoarren izena daramate, gainera. Ikasgelaz beteriko eraikin horrek Patxi Altuna izena du, euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuen lanaren omenez.
Aranzadi eraikina
Exekutibo eta enpresari lehiakorrak trebatzeko, Deusto Bussiness School delakoa sortu zuten. Hain zuzen, enpresarien prestakuntzan aitzindari eta Deustuko errektore eta Donostiako campuseko errektore izan zen Dionisio Aranzadiri gorazarre eginez bataiatu dute negozio gizon-emakumeen haztegia izango den eraikina. Lau solairutan banatuta, hirirako nahiz lurralde osorako ekimen berritzaileak sustatzeko eremua izango da.
Asteburuan zehar, bertan programa desberdinak garatuko direnez, ikasle eta langileak batera eta bestera ibili gabe, otorduak egiteko jangela egokitu dute. Besterik gabe, lanean gogor aritu ondoren, haize pixkat behar dutenek laugarren solairuan dagoen terrazara igo daitezke.
Kontxako badiaren ondotik, hiriko bigarren talaia paregabea dela zioten atzo eraikina bisitatzen ari ziren unibertsitateko ordezkariak.
Garate eraikina
Unibertsitateko komunitate osoaren bilgune izan nahi du Garate Innogune eraikina. Enpresa eta negozio berriak sortzeko haztegia izango da gune berri hau. Unibertsitateko Berrikuntza zuzendariak, Tontxu Camposek, adierazi duenez, ideiaz eta ametsez beteriko ikasle eta ikasle ohi asko daude. Horien artean, ordea, aurrera egin nahi eta porrot egiteko beldurra nagusitzen da. Deustuk, bada, Garate eraikinean egongo diren aditu eta trebatzaileen bitartez, gazte berritzaileen makulu izan nahi du.
Ikasle, ikasle ohi eta irakaslez osatutako komunitate horretan, dena den, bakarrik egongo ez direla argitu du Camposek, erakunde publiko eta pribatuekin hartu-emanean egoteko aukera izango dutelako. Erakunde nahiz enpresekin bazkide talde osatu dutela gaineratu du, «gazte ekintzaileei lehenengo pausoak ematen laguntzeko».