"Ingurumen kanpaina askok etsitu egiten ditu herritarrak"
Andy Hughesek argazki erakusketa aurkeztu du Surfilm jaialdian; hondartzetako zaborra arte bihurtu du
Haur bat hondartzan ari da baloi urdin batekin jolasean. Ustekabean, haize bolada batek baloia kendu egin dio eskuetatik. Airean dabil, zeru urdin gardenean. Itsasoan sartu, eta korronteak urrun eraman du. Ostertzean desagertu da. Olatuek eramango dute berriz ere itsasertzera, beste hondartza batera beharbada.
Gizakiak uretara botatakoak, haizeak lurretik uretara arrastaka eramandakoak… Zabor hori guztia itsasoan galdu egiten da, eta berriz ere itzultzen da kostaldera. Urtero sei bilioi kilo zabor itsasoratzen dira. Andy Hughes (Yorkshire, Ingalaterra, 1966) surflariak hondartzan aurkitutako objektu horiek guztiak bildu ditu ‘Dominant Wave Theory’ argazki liburuan. Heliozko puxikak, plastikozko botilak, arrain sareak, pizgailuak, edalontziak, jostailuak, panpinak, igerilari edo urpekariek galdutako hegalak… Azken zazpi urteotan Ingalaterran, Eskozian edota Kaliforniako hondartzetan egindako argazkiak dira.
Surfilm Festibal jaialdiak erakusketa batean bildu ditu irudi batzuk, Aquariumen: «Surflariok barometro zehatza gara itsasoen egoera zein den ezagutzeko; arrantzaleak bezala. Horregatik, gonbidatzen ditugu surflariak itsasoa eta ingurumenaren gainean antolatutako Olatu garbiak jardunaldietara», azaldu du Sancho Rodriguezek, Surfilmeko zuzendariak.
Arte Ederretako ikasketak egin zituen Hughes-ek. Unibertsitatean zela, surfa ikasten hasi, eta itsas paisaien argazkiak egiteari ekin zion. Erakusketa honetan bere txakurrarekin hondartzan egindako paseoetan lortutako irudiak erakutsi ditu: «Objektuak ez ditut inoiz ikutzen, ezta mugitzen ere. Harean eta erdi lurperatuta, aurkitu bezala uzten ditut».
Objektu bat, film bat
Edozein objektuk film bat, edo koadro bat ekar diezaioke gogora: «Pizgailua ikusi nuenean, esaterako, ez nuen zalantza izpirik izan; Stanley Kubrick-en ‘2001: A Space Odyssey’. Eta elurrezko bola baten antza duen maionesa ontzia, ‘Citizen Kane’». Lur planetaren itxura duen baloi urdina; glaziar batekin nahastu daitekeen sandwich bilgarria; itsas belar forma hartu duen arrantzarako pita, gorpu bat dirudien panpina… «Irudi hauek zaborraren beste perspektiba bat ematen dute. Totem bihurtu ditu objektu hauek, eta beraz, ikuslea argazkiari begira ari denean txikia dela uste du», azaldu du Rodriguezek.
Ingurumenaren inguruko ohiko kanpainak ez dituela gustuko aitortu du: «Ikuslea inspiratu beharrean, aurkakoa lortzen dute. Ingurumen kanpaina askok etsitu egiten ditu herritarrak. Ez dute inolako eraginik jendearengan. Arteak, berriz hunkitu egiten ditu, eta sentimendu horrek denbora gehiago irauten du gure memorian».
Hughesen hurrengo jomuga Alaska izango da. Espedizio bat antolatuko du, beste artista batekin batera, bertako zaborra ereargazkietan islatzeko.
Surfilm Festibal:
‘Dominant wave theory’ argazki erakusketa
Non. Aquariumen.
Noiz. Abuztuaren 31 arte.
Proiekzioak
‘Oil Spill’. Jo Blankenburg, Andy Fox. Austria. 3 min. (asteazkena 8, 21:00etan, Aquariumen).
‘Papa Mau: The Wayfinder’. Na’alehu Anthony. AEB. 57 min. (astezkena 8, 21:00etan, Aquariumen).