Landareei buruz ikasteko
Bretxako azokan eta Garberan loreak saltzen dituen Urtinea lorategiak Facebook eta blog baten bidez argitzen ditu lorezaintza zaletuen zalantzak.
Landareak, zuhaitzak, baratzeak… zaintzeak, ahaleginaz gain, ezagutza ere eskatzen du. Bezeroei eta lorezaintzaren interesa duen guztiei hauen mantenuaren inguruko zalantzak argitzeko eta interesa duenari bidea errazteko asmoz, Urtinea lorategiak teknologia berriekin bat egin du. Bertako langileek Bretxako azokako postuan edo Garbera merkataritza guneko negutegian galderak erantzuteaz gain, maiatz amaieratik, Facebook nahiz blog baten bidez ere egiten dute.
Urtinea lorategiak 40 bat urte daramatza martxan, eta, jada, lau belaunaldi pasatu dira bertatik. Urteotan landareen zaintzari buruzko hutsunea dagoela jabetu dira. “Askotan gertatzen zitzaigun bezeroen galderei erantzun ondoren beren komentarioa izatea: ‘duda hauek nori galdetu ez dakigu, eta liburuetan bilatzean mila gauza ikusten dituzu, eta ez dakizu zer komeni den’”, azaldu Ioseba Segurolak.
Erosteko asmorik ez dutenak, galdetzera ausartzen ez direla ere ohartu dira. Horregatik, teknologia berrien anonimotasunak urratsa egitera animatzea espero dute. Balkoi eta etxe barruko landareak zaintzeko ardura emakume helduek izan ohi dute, eta hauek, nagusiki, ez dute sare sozialetan parte hartzen. Aitzitik, postuan galdetzeko beldurrik ez dute izaten, eta arazo gutxi eragiten duten landareak aukeratu ohi dituzte. Azken boladan, ordea, terrazak edo lorategiak apaintzeko joera berriek jende gazteagoa erakarri dute. Segurolaren hitzetan, “modan jarri da baratzea edo zuhaitza izatea terrazan. Lagun arteko solasaldi batean ohartu nintzen 30 urte inguruko jendea badela mundu honetan nola sartu, edo aurkitutako oztopoak nola gainditu, ez dakiena”. Profil honetatik gertu daude, Facebooken dituzten 42 jarraitzaileak.
Elkarrekin ikasi Interneten hasi berriak badira ere, abantaila argia aurkitu diote: argazkiak erabili ahal izatea. “Irudiarekin erantzutea errazagoa da. Lehen galderari ‘halako zerbait’ atera zaio esaten zuten, eta nolakoa zen galdetu behar zenien. Orain hobeto elkar ulertzen dugu, eta konponbidea ematea zuzenagoa da”, zehaztu du saltzaileak. Horrez gain, idatzizko deskribapenak ere zabalagoak direla uste du Segurolak. Beste alde positiboa, erabiltzaileen arteko elkartrukea da. Urtineako langileez gain, erabiltzaileek elkarri aholkuak ematen baitizkiote. “Bakoitzak gauza desberdinetarako erabiltzen du. Batek baratzeko fruituen eta landareen argazkiak ikusgai ditu zeinen ongi dituen erakusteko, eta beste batek nola zaintzen dituen galdetuko dio, berak arazoa izan zuelako. Euren artean konpontzen ez direla ikusten badut, nik parte hartzen dut”. Blogean, berriz, berak bakarri du ardura hori. Galdera ohikoena oparitan jasotako landarea nola zaindu da. Bitxiki, zer landatu ez diete galdetzen, horrelakoetan, “zentrora etorri eta ikustea nahiago izaten dute. Erostera datozenez ez dute lotsarik izaten”.