Autobus hibridoa, elektrikoa eta diesela (Argazkia: Xabier Etxabe)
Nahiz eta kolore berde eta urdinez apainduta egon eta hiriko kaleetan barrena gora eta behera ibili, bidaiariek ezingo dute uztaila amaiera arte bertara igo. Autobus hibridoa izango da Donostiabusek Marrutxipiko biltegiko hurrengo hilabeteko berrikuntza. Bidaiariak garraiatzeaz arduratuko den ibilgailua uztailean iritsiko den arren, ezaugarri berberak dituen autobus hibridoa hasi da hiriko kale eta errepideak ezagutzen.
Gidari eta biltegian matxurak konpontzen ari diren langileek izango dute ondorengo bi hilabeteetan ibilgailuaren ezaugarri eta berezitasunak ezagutu eta gobernatzen ikasteko aukera. Izan ere, bidaiariekin batetik bestera ibili aurretik, ibilgailua behar bezala erabiltzen ikastea beharrezkoa izango da gidarientzat. Probaldi horretan, gainera, autobus hibridoa zein lineatan izan daitekeen errentagarrien aztertuko du Donostiabusek.
Ezaugarriak
Kalitatezko autobus zerbitzua bermatzeko helburuaz gain, autobus konpainiaren beste jomugetako bat ingurumenarekiko arduratsu izatea da. Hala, autobus sorta berritzerako garaian ibilgailu ekologikoenen aldeko hautua egitearekin batera, birziklatutako olioa erabiltzen dute erregai gisa, gasolioren kontsumoa murrizte aldera. Autobus hibridoarekin, bada, beste urrats bat eman nahi du Donostiabusek. Izan ere, ibilgailuok egungoak baino isilagoak dira eta erregai kontsumoa %30 murritzagoa da. Urtean eguratsera 26,5 tona karbono dioxido gutxiago isurtzea ahalbidetuko duela iragarri dute.
Geltoki edo semaforo baten aurrean geratzen direnean galtzen dute autobusek energia gehien. Man enpresak garatu duen autobus hibrido horren bitartez, alabaina, galgatzerakoan galtzen den energia, aurrera egiteko energia bilakatzen du. Sistema hori, gainera, erregaia aurreztu eta karbono isuriak gutxitzeko aproposa dela aditzera eman du autobus konpainiak. Semaforo eta eta geltokietan, honenbestez, motor elektrikoa ariko da lanean. Alegia, autobusak geldirik dauden tarte zabal batean, errepidean diren denboraren %25 eta %40 artean.