Oier Mendizabal: "Aurtengo denboraldiak ez du iazkoarekin zer ikusirik izan; ahazteko urtea izan dela uste dut"
Iazko Bigarren Mailako buruz-burukoa izan zen Oier Mendizabalek (Añorga, 1983) jokatutako azken txapelketa garrantzitsua. Aurtengo denboraldian, ordea, ez du jokatzerik izan, eskuko lesioa tarteko. Larunbatean itzuli zen kantxara, lau hilabeteko etenaldiaren ostean. Bere egoeraren berri eman dio Irutxuloko Hitzari.
Azken hilabeteak bajan eman dituzu, eskuin eskuko lesioa zela eta. Zer gertatu zitzaizun zehazki?
Lau hilabete eman ditut frontoietatik kanpo. Eskuko minarekin hasi nintzen eta bi asteko errekuperazioa pasa nuen. Berriro jokatzeko prest nengoelakoan, partida bat jokatu nuen eta gaizki bukatu nuen. Betirako lesioa zela zirudien. Bi odolbildu egin zitzaizkidan eta gogortuak geratu ziren. Eskua handitu zitzaidan eta kortisona sartu behar izan zidaten. Berriro jokatzen hasi nintzen, lautik laura sakea egiten… eta berriro behera egin nuen. Dena more kolorekoa jarri zitzaidan eta pixkanaka hobetzea lortu dut.
Larunbatean partida izan zenuen Labriten, Urrutikoetxearen aurka. Ongi hasi zinen, baina 19-22 galdu zenuen. Zer moduz ikusi zenuen zure burua?
Zaila da lau hilabete eta gero itzultzea lehiara; konfiantza eta jokoa galdu baitituzu. Hala ere, gustura ibili nintzen. Eskuan ez nuen ezer ere nabaritu, baina tako asko jarri nituen eskuan. Joko aldetik justu ibili nintzen eta hasieran hobeto aritu nintzen. Partida gogortu zenean, behera egin nuen. Poliki-poliki eta partidaz partida, joko egokia lortuko dudala uste dut.
Lesioaz gain, zuri buruzko berririk ez da egon azkenaldian. Non ibili zara?
Ba… aurtengo denboraldiak ez du iazkoarekin zerikusirik izan; ahazteko urtea izan dela uste dut eta egoerari buelta eman behar izan diot. Binakako Txapelketan ez nintzen sartu eta, gero, lesioarekin, ezin izan nuen Bigarren Mailako buruz-burukoan jokatu.
Lesioa izan aurretik, nola zinen fisikoki?
Fisikoki ongi, baina joko aldetik ez naiz egon, egon beharko nukeen mailan. Ez naiz aurreko urteetan emandako mailan egon. Maila horretara itzultzea gustatuko litzaidake eta lanerako gogoz nago.
Iaz Aimar Olaizolarekin jokatu zenuen Binakako Txapelketa. Aurten, Aritz Begino izan du bikote Aimarrek eta txapeldunak izan dira. Zer nolako bikotea osatu dutela uste duzu?
Oso ondo aritu dira. Aritzek oso txapelketa ona egin du eta, finalean, uste dut Aimarrek oso lan garrantzitsua egin zuela. Aimarrek behetik gorako bidea egin du eta Aritzek, berriz, maila mantendu du txapelketan.
Azken urteetan barruan egon ostean, oso gogorra izan da txapelketa kanpotik jarraitzea?
Azken hiru urteetan jokatu dut txapelketa. Lehenengoan txapeldunak izan ginen, bigarrenean txapeldunordeak eta, hirugarrengoan, ez ginen finalera iritsi. Hasieran gogorra izan zen, eskua horrela nuela, gainera, eta ezin aurrera egin. Buruari eragin nion, baina, gero, osatzea jarri dut helburu bezala eta ea ongi ateratzen den. Ezberdina izan da txapelketa kanpotik jarraitzea, baina batzuetan ongi etortzen da.
Egoera fisikoa hobetu duzu. Nola zaude psikologikoki?
Ongi nago, jokatzeko eta gozatzeko sekulako gogoarekin gainera. Bestela, kontu berdinari bueltaka aritzen zara. Egoerari aurre egin behar zaio, gauza guztietatik ikasi behar baita.
Nola datorkizu uda? Txapelketaren batean jokatzeko aukera izango duzu?
Ez. Aurten pentsatzen dut txapelketetatik kanpo egongo naizela. Baina bueno, lehenengo eskuari emango diot lehentasuna eta jokoa hobetzen saiatuko naiz. Gero, txapelketaren batean jokatzeko aukera baldin badut, ongi etorria izango da. Gaur egun dagoen mailarekin, zaila ikusten dut.
Datorren denboraldiari begira, zer duzu buruan?
Momentu honetan, frontoira ateratzea, gozatzea eta ongi sentitzea da garrantzitsuena. Frontoian lan ona eginez gero, etorriko da etorri behar duena.
Berriro Aimarrekin jokatzea gustatuko litzaizuke?
Esan bezala, ez dut lehentasunik jarri nahi. Eskua ongi jartzea nahi dut, besterik ez. Aimarrekin jokatzen badut, gustura jokatuko dut, baina beste edozeinekin jokatu dezakedan bezala.
Ekaineran 19an jokatuko dute buruz buruko txapelketako finala Aimarrek eta Xalak. Pronostikorik?
Aimarren alde egingo nuke. Baina uste dut Xalak esfortzu handia egin duela bertan egoteko. Beraz, Aimarrek irabazi nahi badu, partida ona egin beharko du. Binakako finalea frontoian egon nintzen, lagun batzuekin. Oraingoan ere aukera badut, joango naiz. Giro polita egongo da eta telebistan ikusita baino gehiago gozatzen da.