Bilduko hautagaiak agiriak sinatzen (Argazkia: Xabier Etxabe)
Ekainaren 11tik aurrera Bilduk hiria gobernatuko duela ziurtatu du Juan Karlos Izagirre Bilduko alkategaiak. Gobernua osa dezakeen zortzi hautagaiko taldeak, gainera, atzo aurkeztu zizkion udal idazkariari zinegotzi izateko beharrezko agiriak.
Gehiengorik osatuko ez duten arren, beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, alderdi batzuekin eta besteekin adostasunera helduko direla adierazi du Izagirrek. Bat egiteko dituzten aukerak neurtzeko, Bilduk beste bilera saio bat abiarazi du gainontzeko udal taldeekin.
Nolanahi ere, Bilduk argi ditu datorren agintaldirako ardatz nagusiak: normalizazio politikoa bultzatzea, informazioa eta partaidetza ardatz duen politika egiteko beste modu bat sustatzea, udaletxearen gardentasuna bermatzea edota euskarari sekulako bultzada ematea.