Amaiur, parkea ala oihana?
Amara Osinagako auzo elkartearen nahi etengabea izan da parkea txukundu eta erabilgarri izatea; 2001ean lortu bazuten ere, inaugurazioaren 10. urteurrenean bizilagunek berriro eskaera bera jarri dute mahaigainean.
Uztailean Amaiur parkea inauguratu zuteneko 10. urteurrena beteko da. Hala ere, 2001ean Amara Osinagako bizilagunek belardia eta bertako ekipamendua gozatzeari ekin bazioten ere, egun ezin dute erabili eta mantenu ezaz kexu dira.
Duela hamar-hamabost urte auzo jaio berritzat jo zitekeen Amara Osinaga, eta oraindik ere bere ekipamendua osatzen ari zen. Inguru horretan utzita zegoen orubea berregokitzeko eskaera egiten ari ziren auzotarrak. Hainbat atzerapenen ondoren 2001eko uztailean 15.000 metro koadro zituen Amaiur parkea inauguratu zuten.
Zorroaga pasealekuak, trenbideak, Gregorio Ordoñez kaleak eta Ontziola kaleak mugatzen zuten belardian bankuak eta landareak jarri zituzten, txukun-txukun.
Harmar urte ondoren, berdin
Bertako auzo elkartearen eskaera nagusietakoa zen Amaiur parkea txukuntzea garai horretan, eta, zori txarrez, horrela da berriro 2011n. Izan ere, Urumearen autobideak Donostiara sartzeko lanak zirela-eta parkea itxi zuten duela urte batzuk, eta obrak bukatutakoan parkea ez dutelako ireki.
Inguruetako bizilagunak haserre mintzo dira parkearen egoeraz. «Lanek iraun zuten bitartean ingeniarien etxolak hor jarri zituzten. Baina, duela sei bat hilabete eraman zituzten eta parkea erabat utzita dago». Bizilagunak, besteak beste, higiene faltagatik dira kexu. «Atera, atera argazkia hor asteak daramatzan arratoi hil horri», eskatu diote kazetariari.
Zikintzat ez ezik, arriskutsutzat ere jo dute parkearen egoera. Besteak beste, Ontziola kaleko tailer bateko langileak dioenez, etxolek erabiltzen zuten argindarraren instalazioa ez zuten behar bezala kendu. Istripu bat gerta daitekeen beldur da. «Kablea lapurtzen ibiltzen diren horietako bat hilik azalduko da hemen».
Kexu eta kezkatuta egon arren, umoretsu hartzen dute egoera ere, eta beste aholku bat eman diote kazetariari: «Amaiur parkea baino Amaiur oihana idatzi zure artikuluan». Gerri aldean keinu eginez, zera gehitu du mekanikoak. «Hor ikusten duzun hiru metroko arbola, honainoko bedaxka besterik ez zen». Trenbidearen beste aldeko Oroimenaren Lorategia begiratuta edota Gregorio Ordoñez kalearen beste espaloiko parketxoa begiratuta are zabarragoa ematen du Amaiur parkeak.